Hilabete honetan 40 urte bete dira Marokok Martxa Berdearekin Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik. Biharko egunez, Espainiak Mendebaldeko Sahara utzi eta Saharako herria kontuan hartu barik, Madrilgo akordioa sinatu zuen Mendebaldeko Sahara euren eskuetan utziz. Akordio horren ondorioz, Marokok lurralde osoa okupatu zuen eta gerra piztu zen. Fronte Polisarioak aurre egin zien, baina saharar ugarik egin zuen ihes. Basamortuan barrena zihoazela, napalm eta fosforo zuriaz bonbardatu zituzten. Hil ez zituztenak Aljerian hartu zuten babesa, Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan.
Lorea Etxeburu saharar errefuxiatuen kanpalekuko osasun etxean ume hat artatzen.
Gatazkak bere horretan dirau. Bitartean, sahararrak errefuxiatuen kanpamentuetan edo Marokoren agindupean dauden lurralde okupatuetan bizi dira. Tindufeko errefuxiatu guneetan nazioarteko laguntzari esker biziraun dute. Lea-Artibaitik ere, premiazko lehengaiak bidali edo umeak hartzeko programak eraman dira aurrera, eta asko izan dira bai eta kanpalekuetako egoera ezagutu eta laguntzera joan diren boluntarioak ere.
Saharar herriaren egoera gogor horren jakitun, Sahara Mendebaldeko Auserdeko errefuxiatu gunean egon da, esate baterako, joan den hilabetean, Lorea Etxaburu Markina-Xemeinen bizi den erizain ondarrutarra. Aspalditik zeukan laguntzera joateko gogoa, eta «aurten bai» erabakita, gobernuz kanpoko Mundubat elkarteagaz bat egin eta bi aste igaro ditu bertan.
Ez da joan bakarrik. Mundubat elkarteak taldeak bidaltzen ditu eta erizain bi eta mediku bi joan dira elkarregaz. Bidailagun izan du esate baterako Juan Karlos Izagirre aurreko agintaldian Donostiako alkate izan dena.
Ez dira oporretara joan, beharrera baizik. Orain arte errefuxiatuen kanpalekuetan ez zegoen medikurik, eta nazioarteko erizainen eta mediku boluntarioen laguntzagaz egin dute aurrera. Jendea aztertu eta kasu batzuk hurrengo medikuek errepasoa egiteko uzten ziren.
Orain dela bederatzi hilabetetik errealitatea bestelakoa dela dio baina, Lorea Etxaburuk. Bertako lau mediku gazte ari dira lanean bertan. Kuban ikasi eta etxera itzuli dira «gerra beharraren bidez egitera». Egun osoan daude lanean edo bestela laguntzen. Hala ere, laguntzak premiazkoa izaten jarraitzen duela dio bertoko erizainak.
Errealitate gogorra
Aurre ideia bat eginda joan zen kanpalekuetara Etxaburu, baina errealitateak irudimena gainditzen du. «Hautsa eta harria besterik ez dago Ausserden», dio. «Iaz errepidea asfaltatu zuten eta argi posteak eramaten dabiltza gaur egun argirik ez dago eta, bateriekin sortzen dute argindarra». Hala ere, dena ez da hautsa. Ondo antolatuta daude. Lehen eta bigarren hezkuntza ematen diren eskolak eta osasun zerbitzu bat ere badaukate.
Saharar errefuxiatuen kanpalekuko eskola batean.
Herri bakoitzean artategi bat antolatu zuten osasun zentro modura, eta hortxe egon da Euskal Herritik joandako taldea lanean.
Zentro bakoitzean umegin bat dagoela ikusi du Etxaburuk, bai eta botikak banatzen dituena ere. Horrez gain, gaixo kronikoez arduratzen den erizain bat eta eskoletako heziketa eta txertoez arduratzen dena ere badira. Kaleko erizain bi ere badauzkate etxez etxeko bisitak egiteko.
Artategi horretaz gain, ospitale bate ere badago urgentziazko gela, gaba pasatzeko gela bat eta farmazia dituena. Egunero erizain bi daude guardian eta mediku bat eta umezaina arratsaldetan txandaka.
Harreta eman, irakatsi eta laguntasuna eman dute Auserden bertoko erizain eta medikuek. Artategira eta ospitalera joaten ziren goizean eta bigarren astean ikastaroak ere eman dituzte. Horretaz gainera, eta bidaia hauen oinarri den helburuari jarraituz, laguntzaile lana bete dute. Horrela, zereginik ere ez dutenean ere eurekin egon dira babesa eta sostengua ematen.
Laguntzera joan badira ere, eurek ere jaso dute. «Esker ona eta tratu xumea, etxekoa», izan dituztela azaldu du Lorea Etxaburuk, ezer ez eduki arren dena emateko prest daudela azpimarratuz. «Bidaia oso abersagarria izan da», dio oraindik ere hunkituta.
Saharar errefuxiatuen kanpalekuko osasun zentroko beharginekin.
Herritarrez gain, hainbat erakundetako ordezkarirekin ere elkartu dira, besteak beste Tindufeko gobernadoreagaz eta osasun mailako ministroagaz. «Ume, irakasle eta arduradunak ere eskertzen zuten hara joatea». Ondarroan zortzi uda pasa dituen mutil bat ere ezagutu zuen bertan.
Kolpe berria
Jada nahikoa sufritu duen herriak baina, kolpe berria jasan du. Lorea Etxabururen taldea etxera itzuli eta gutxira Uholdeak pairatu zituzten errefuxiatuen kanpalekuetan. Adobezko ehunka etxe erori ziren eta lehengai barik utzi zituen hondamenak. Berehala jarri ziren martxan saharar herriari laguntzen dioten erakundeak. Lea-Artibaiko Sahelak mantak, arropa eta janaria batu ditu, eta datorren martitzenean beteko dute Tinduferantz bidaliko duten kamioia.
Saharan izandako uholdeei aurre egiteko eskatutako laguntza izagarrizkoa izan da, «elkartasun uholdea», eta eskerrak eman nahi izan dute.