Koldo Aulestia (Ondarroa, 1948)
AFAGIko (Gipuzkoako Alzheimerdunen eta besteko dementziadunen senitartekoen eta lagunen elkartea) presidentea da 2003tik. Horrez gainera, azken hiru urteak
CEAFAko (Alzheimerdunen eta besteko dementziadunen senitartekoen eta lagunen elkarteen konfederazioa) presidentea ere izan da. Egunotan, Valladoliden (Espainia) egiten ari den
Alzheimerraren VI. Biltzar nagusian parte hartzen ari da.
Noiz hasi zinen AFAGIn lanean?
2000 urtean amari gaixotasuna diagnostikatu eta hurrengo egunean elkarteagaz harremanetan jarri nintzen.
Zer laguntza eskaini zizueten?
AFAGIk garai hartan, batez ere, familiarteko kideekin lan egiten zuen. Gaixoraren familiarteko kideek jasotzen duten babesa oso garrantzitsua dela deritzot; bakardadean ezin zaio aurre egin gaitzari eta horrek eragiten dituen arazoei. Hori da elkarteak egiten duen lanik-eta nabarmenena.
Eta elkarteko kide izatetik presidente izatea, nola izan zen?
Elkartea ezagutu eta berehala, nire laguntza eskaini nien elkarteko kideei, eta gerora, presidente izateko aukera eskaini zidaten.
Koldo Aulestia, AFAGI elkartearen sarreran. Argazkia: AFAGI
Duela 24 urte sortu zen AFAGI. Denbora tarte horretan, gaixotasun berdin sumatzen al da?
Gaixotasuna familiaren arazoa ez eze, jendarte osoaren arazo modura ulertzen du askok orain. Horren inguruan asko lan egin ostean, arazoa, modu handi batean, gizarteratzea lortu dugu. Baina aurrerantzean, bide horretik jarraitzeko erakundeen eta eragile ezberdinen babesa derrigorrean behar dugu. Alzheimerra normalizatu eta gizarteratu egin behar dela uste dut, dementziak estigmatizatuta daude oraindik eta.
Gaixotasuna, orduan, ezagunagoa da?
Horren inguruan lan asko egin baldin bada ere, Alzheimerren gaitza oraindik ere ez da nahikoa ezaguna. Gaixotasunari buruz jendeak asko dakiela pentsa arren, elkartera heltzen direnean ezer ez dakitela jabetzen dira.
Diagnostikoari dagokionez, ezertan aurreratu da?
Lehen, autopsia egin eta gaixoaren garuna aztertu ondoren detektatu ahal zen gaixotasuna. Egun, aurrerakuntzei esker, hori aldatu egin da.
Ze modutan?
Probak orain bizi garen artean egiten dira, eta gaixotasuna detektatzeko probabilitatea %85a dela diote adituek.
Eta zein da gaur egun egiten den proba?
Gerrialdeko zistadari esker pertsona batek dementziarik duen edo ez diagnostikatu daiteke.
Sendabiderik ez dago. Noizko egon daiteke?
Guk dakigunez, epe motzean ez da sendabiderik lortuko, baina detekzio goiztiar bat ezinbestekoa dela deritzogu. Gaixotasunaren inguruan lanean zenbat eta azkarrago hasi, gaixoaren eta ingurukoen bizi kalitatea hobetzeko hobe.
Horretarako, zer da onena?
Hasieratik gaitza bera onartzen hastea garrantzitsuena dela esan ohi digu. Dauden tratamenduek, beharbada, ez dute gaixotasuna sendatuko, baina gaixotasunagaz elkarbizitza ahalik-eta onena egin, eta prozesua atzeratzen duten hainbat tratamendu daude.
Koldo Aulestia AFAGIko presidentea. Argazkia: AFAGI
Eta, zure ustez, zer da txarrena?
Ezinbestekoa da gaixoak aktibo mantentzea. Sarritan, gaixoak eguneroko aktibitate horiek egiteko gai diren arren, horiek egitea galarazten zaie; kasu askotan, gainera, gaixotasunaren eboluzioa azkartuz.
Ondarroara begira ere talde bat hasi zarete antolatzen.
Taldea sortu zenetik urtebete igaro da, eta orduz geroztik, berau osatzen duten kideek gaixotasuna ulertu eta berari aurre egiteko laguntasun handia izan dutela nabarmendu digute.
Mutrikun senitartekoei laguntza eman eta batzeko lokala ipini zenuten martxan. Zelan doa esperientzia?
Mutriku eta inguruotako herrietako kideez arduratzeko beste profesional bat gehiago sartu behar izan dugu gure lantaldean. Izan ere, gero-eta eskaera gehiago ditugu. Eskualde guztietan laguntza emateko zentroa izatea ezinbestekoa dela deritzogu. Hurrean egotea izan da gure asmoa betidanik. Gaixoen senitartekoei laguntza ahalik-eta hurbilen eskaintzen saiatzen gara. Askotan, gaixoa zaintzen ari denak nahikoa zail izaten du gaixoa zaintzeko beste kide bat aurkitzea edota koordinatzea, eta hori errazten ahalegintzen ari gara.
Elkarteak urtean zenbat familiei ematen die laguntza?
Gipuzkoa osoan urtean 740 bat lagunei ematen diegu laguntza.
Aurrera begira, zeintzuk dira elkartearen erronkak?
Datorren urtera begira boluntario sarea sendotu nahi dugu. Jendartea aldatu nahi baldin badugu, xede horretan lan egin behar dugula deritzogu. Eta horretarako boluntarioen lana eta erakundeen laguntza ezinbestekoa dela deritzogu. Horrez gainera, gaixoek eurak egiten dituzten gaitasunak bultzatu behar ditugu.
Zelan egin daiteke hori?
Dementzia duenak gaixotasuna berak nola bizi duen lehen pertsonan entzun, jasotzea eta euren errealitatea ezagutzea garrantzitsua dela deritzogu. Horri begira, gaixoen taldeak eratuko ditugu, ez terapia jasotzeko, baizik eta eurek kezkak edo beharren berri jakiteko. Hori bultzatu eta indartu aldera, konfederazioko biltzarraren irekiera galan gaixo bategaz azaltzeko asmoa daukat. Hain zuzen ere, Arantxa Gurmendigaz (
Goenkale telesaileko Hortentsi) agertuko naiz. AFAGItik hamabi lagun joan gara, eta Gurmendik ere biltzar horretan hitza izatea nahi dut. Horrelako zer edo zer egingo den lehen aldia da.
Koldo Aulestia Gipuzkoako 2014 boluntario saria jasotzen. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Bestalde, proiektu garrantzitsurik ba al duzue eskuartean?
Gipuzkoari begira ez eze, Bizkaiko eta Arabako elkarteei begira ere Elgoibarko Aubixa baserrian daukagun proiektua indartu nahi dugu.
Zertan datza proiektua?
Urtebete daramagu bertan lanean, eta etorkizunean Alzheimerraren zentro aitzindari bihurtu nahi dugu. Tokia, gainera, hiru probintzietako erdialdean dago kokatuta estrategikoki, kasualidadez.
Zure lanari dagokionez, erronka pertsonalik ezarri al duzu?
Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako elkarteen konferazioa indartzeko konpromisoa hartu nahi dut. Orain arte elkarregaz koordinatatuta egon bagara ere, ez dugu behar beste landu gure arteko lotura. Egiten dugun lana indartu egin behar dugu.
CEAFA konfederazioko presidentea ere bazara.
Orain hiru urte hainbat arazo sortu ziren konfederazioan, eta aurreko taldeak dimititu ostean, neu aukeratu ninduten presidente. Azken hiru urteotan, Espainia mailako elkarte guztiak, batez ere, elkarlanean jartzea izan da nire lana; baina etapa horri agur esan, eta Gipuzkoako elkartean proiektu berriak zuzendu nahi ditut aurrerantzean. Hartara, egunotan egiten garen kongresuan nire ordezkoa aurkeztuko dugu.
Egunotan egiten ari zareten biltzarra moduko ekimenak zertarako dira garrantzitsuak?
Orain arte egin diren biltzarretan, geriatra, neurologo eta hainbat aditu izaten ziren gonbidatuak, baina hortik, gure eguneroko lanerako ondorio gutxi ateratzen genituen. Oraingo honetan, ostera, bertan parte hartuko dutenak elkarteetako kideak izango dira, eta bakoitzak bere eguneroko esperientziak elkarbanatzeko aukera edukiko du.