Ondarroako Kalare Deuna kofradiako kideek nabarmendu dutenez, baxurako ontziek sardina asko porturatu dute egunotan. Azken hiru egunotan, ia 500 tona deskargatu dira Egidazu kaian.
Gaur [azaroak 19], esate baterako, arratsaldeko lehen orduetarako nahikoa ontzi lehorreratzea espero zen. Guztira, 20.000 bat kaxa porturatu dituzte Bordele (Akitania, Frantzia) inguruetatik arrantzua eginda zetozen hainbat ontzik. “Datozen egunotarako eguraldi eskasa iragarrita dagoela ikusirik, baxura ontzietako asko karga-karga eginda bueltatu dira portuetara”, azaldu dute Kalare Deuna kofradiako ordezkariek.
Ondarroako ‘Ongi etorri’ ontziko marinelak arraina deskargatzen, gaur goizean
Gaur, goizeko lehen orduetan egin diren lehen bentetan ere, sardina saldu da gehienbat. Freskoan jateko saldu dena euroaren bueltan saldu da; fabriketara saldu dena, ostera, zer edo zer merkeago saldu da, kiloa 80-90 zentimo bueltan. Sardinaz gain, txilin baltz ale batzuk ere saldu dituzte goizean, kiloa 30-35 zentimo bueltan.
Ondarroako
Arlanpi eta
Itoitz amuko ontziek, osterantzean, legatz ale bakar batzuk ere porturatu dituzte. “Bi ontziek, astelehena arte, legatza arrantzatzen aritzeko asmoa zuten, baina eguraldi txarra dagoenez iragarrita, arinago porturatzea erabaki dute. Konponketa batzuk egin behar dituzte, eta berdeleta hasi arte, portuan lotuta egongo dira”.
Baxurako arrantzaleak arraina deskargatzen, gaur goizean
Bestalde, aurreko astean gertatu modura, baxurako arrantzaleek oraingoan ere urreburu ale batzuk lehorreratu dituzte. Hain zuzen ere, martitzenean [azaroak 17], 2.900 kilo urreburu saldu ziren. Oro har, kilo bat eta 4 kilo bitarteko aleak izan ziren; garestienak 11 euro bueltan saldu ziren eta merkeenak 9 euro bueltan.
Aurreko egunei dagokienez, ostera, sardina saldu da gehienbat. 180 tona saldu ziren atzo [azaroak 18], eta beste 91 tona saldu ziren herenegun [azaroak 17]. Bataz beste, 93 zentimotan saldu zen kiloa.