Morea koloreak nagusitasuna hartzen duen eguna izaten da
azaroaren 25a; eraso sexistei planto egiteko eguna; emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna. Norbanako, elkarte, talde, eragile eta beste hainbaten egutegietan azpimarratuta agertzen den eguna da. Eta urteko gainontzeko egunetan ere, eraso horien aurka agertzen diren arren, egun horren bueltan gailentzen dira gai horri lotutako ekimen eta jarduerak.
Lea-Artibain eta Mutrikun hutsik egin gabe antolatu dituzte, beste urte batez, egun horri begirako ekintzok.
Udalek, gainera, adierazpen instituzionala onartu dute, irmoki gaitzetsiz emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpen zein sexismo-modu. Horren bitartez, gainera, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko
berdintasunik eza oinarri duen gizarte batean bizi garela berretsi dute, eta, horren aurrean, berdintasun-politikak baliatzea «ezinbestekoa» dela uste dute.
Iaz, azaroaren 25ean, Mutrikun egindako elkarretaratzea
Lea-Artibai eta Mutrikuko udalek argi dute: “bestelako gizartea eraikitzen saiatu beharra dago; non pertsona guztiek askatasuna izango duten nahi duten bezalakoak izateko, non aukera izango duten potentzialtasun osoz garatzeko, eta non giza eskubideei begira berdintasunezko eta begirunezko tratua jasoko duten”.
Udal ordezkariek diote pertsona guztiek askatasuna izango duten gizartea eraiki behar dela, berdintasunean oinarrituta
Halaber, pertsonen arteko harremanak errespetuan, autonomian eta berdintasunean oinarrituko duen gizartea eraikitzeko aldarria egin dute. Eta hori lortzeko,
zenbait konpromiso hartu dituzte: batetik, «udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde». Bestetik, urteko egun guztietan, berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta, horregaz batera, azaroaren 25aren harira gauzatuko diren ekitaldietan parte hartzeko gonbitea egin diete.
Hamaika aukera
Parte hartzeko aitzakiarik ez dute faltako, behintzat, bertoko herrietako bizilagunek; izan ere, hamaika jarduera eskainiko dituzte Lea-Artibaik eta Mutrikuk. Hamaika aukera, baina helburu bakarra:
eraso sexistei erantzun bat ematea.
Ohiko elkarretaratze eta manifestazioez gain, tailerrak, hitzaldiak, zine eta musika emanaldiak, berbaldiak, omenaldia, ipuin kontalaria, antzerkia eta askoz gehiago egongo dira aukeran dozena bat herritan.
EGITARAUA, HERRIZ HERRI
Aulesti
- Bihar. 18:30ean, hezikidetzari buruzko zine foruma, udal areto nagusian.
- Azaroak 25, eguaztena. 20:00etan, elkarretaratzea, plazan.
Berriatua
- Azaroak 25: 19:30ean, elkarretaratzea udaletxe aurrean.
- Azaroak 26: 19:00etan, zine forum, bideo gelan: Nagore Laffageren dokumentala.
Lekeitio
- Azaroak 22, domeka. 12:30ean, Eskolapean, eguneroko indarkeri matxista ikustarazteko salaketa: Emakumiak baltzezko. Parte hartzeko baltzezko joateko deia egiten du Potxuak Martxan Lekeitioko emakume taldeak.
- Azaroak 25, eguaztena. 19:00etan, Eskolapean, azken urteetan indarkeria matxistak eraildako emakumeei omenaldia, Potxuak Martxan Lekeitioko emakume taldeak antolatuta.
Markina-Xemein
- Azaroak 24, mertitzena. 17:15ean, Uhagon kulturguneko batzar gelan, Genero ikuspegia haur eta gazte literaturan saioa Galtzagorri Elkartearen eskutik. Hezitzaile, guraso eta interesa duen edonori zuzenduta. Iraupena: bi ordu.
- Azaroak 25, eguaztena. 19:00etan, elkarretaratzea, Goiko portalean, Udaleko Parekidetasun Batzordeak deituta.
Munitibar
- Azaroak 25, eguaztena. 19:30ean, elkarretaratzea, plazan.
- Azaroak 27, barikua.
– 17:00etan, umeentzako tailerra liburutegian.
– 20:15ean, elkarreratzea, plazan.
- Azaroak 28, zapatua. 19:00etan, udal aretoan, Miren Galarza ipuin kontalaria: Emakume basatia. 15 urtetik gorakoentzat.
Mutriku
- Azaroak 25, eguaztena. 18:00etan, Goiko plazan, elkarretaratzea, Indarkeria sexistarik Ez! lelopean.
Ondarroa
- Azaroak 25, eguaztena.
– 19:00etan, Alamedan, elkarretaratzea, Emakumeen kontrako indarkeria gehiagorik EZ! lelopean.
– 20:00etan, El Cairo 678 zine emanaldia Bide Onera Zineman.
- Azaroak 29, domeka. Antzerkia: Etenik gabeko isuna?. 19:00etan, Bekoizinin.
- Abenduak 2. 19:00etan, Etxelilan, hitzaldia: Indarkeria matxista eta komunikabideak. Hizlaria: Pikara Magazine. Antolatzailea: UXU Emakumeen taldea.
- Abenduak 18. 19:00etan, Etxelilan, antzerkia: Machomaris.
- Abenduak 19. 13:00etan, Alamedan, Women in Black ekintza. Parte hartzeko baltzezko joateko deia egiten dute.