Akillamendi paretik ikuspegi ezin ederragoak daude. Hain zuzen ere, itsasoari eta mendiari begira dagoen begiraleku ezin hobea da. Kantauri itsasoa ikus daiteke karenka, eta ezker-eskuma, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat toki.
Berriatuko Magdalena auzoko toki horretatik, esate baterako, Ondarroa osoa ikus daiteke. Toki erabat lasaia da, eta, nahi izanez gero, oinez nahikoa erraz ailegatzeko modukoa. Ondarroatik Santa Kurutz ermitara doan gurutze bideari jarraituz gero, naturaz inguratutako paraje eder horiez gozatzeko aukera du bisitariak, ordubete inguruko ibilaldi batean.
Ondarroako ikuspegia Akillamenditik
Santa Kurutz ermitara bidea egitea erabakitzen dutenek, atseden hartu bitartean, historiaz betetako ibilbidea egingo dute. Aurrez aurre ikusiko dute Bizkaiko eta Gipuzkoako mugek erdibitzen duten eraikin txikia, eta aukera izango dute bertoko paraje ederrez gozatzeko.
Probintzia arteko korta
Santa Kurutzeko ermita atzean utzi, eta beheranzko bidea hartuta Burgo baserriaren inguruetara ailegatuko da bisitaria. Probintzia arteko muga-mugan dago baserria, eta, hala, zati bat Bizkaiko lurretan dago, eta bestea, Gipuzkoakoetan. Lurdes Eizagirre bertoko andreak hainbat txantxa egin izan ohi ditu horren kontura lagunarteko giroan. “Olgetan zera esan ohi diet lagunei: Bizkaian lo egin eta Gipuzkoan jaten dudala”, dio, irribarretsu.
Etxe barruko banaketa egun beste era batera eginda baldin badago ere, sasoi batean logelak Bizkai aldera zeuden, eta ezkaratza, ostera, Gipuzkoako aldean.
Burgoko baserria eta kortarri nagusia
Etxebizitza ez eze, korta ere bi probintziek banatzen dutela esan daiteke. Eta abantaila horretaz baliatuta, frankismo garaian abereak muga batetik bestera igarotzen zituzten gauez ere, inolako arazorik gabe, debekatuta bazegoen ere. “36ko gerra osteko garaian, estraperloa egiten zuten etxekoek. Gure aitaginarrebak, esaterako, behiak, idiak eta zezenak muga batetik bestera eramaten zituen. Zeregin horretan ez harrapatzeko, gainera, animaliak kortatik igarotzen ziren gauez, inork ezer jakin gabe”, gogoratu du Eizagirrek.
Kortaren amarrua erabilita, mugak zaintzen ibiltzen ziren guardia zibilen hainbat kontrol saihestu zituzten Burgo baserrikoek. Behin, ordea, horretan ari zirela ia harrapatu zituztela nabarmendu du Eizagirrek. “Mugak zaintzen zituzten guardia zibilek ia harrapatu zituztela kontatzen zuen nire senarrak. San Jeronimo [Mutrikuko auzoa] ingurutik behi bat ekarri behar zuten etxera, baina, hura ezin mugituta zebiltzala, guardia zibilekin topo egin zuten. Urduri jarri beharrean, gure aitaginarrebak zezena behia estaltzeko zain zeukatela esan zien, eta haiek sinetsi, eta eurek lagundu zieten behia kortara eramaten”.
Kortarrien arabera
Baserriko zein alde den Gipuzkoa eta zein Bizkaia galdetu, eta bertakoek diote baserriaren atzealdeko kortarria erreferentzia modura hartuta dakitela hori.
Kortarri horiek, gainera, oso ezagunak dira, eta balio historiko handia dute. Egun, etxearen lursailak nondik nora zabaltzen diren mugatzen dute harriok. Hainbat historiazalek idatzi dutenaren arabera, “abereen bazkarako erabiltzen zen forma biribileko landa” mugatzen zuten, garai batean.
Burgoko kortarri nagusia
Etxearen bueltan, guztira, hamasei harri daude, eta horietatik hamabost ikus daitezke bakarrik. “Itxura guztien arabera, lur mugimenduak egon dira, eta lur azpian geratu da falta den kortarri hori”.
Baserriaren atzeko aldean dago kortarri nagusia, kortatik nahikoa hurbil, eta horren inguruan daude gainontzeko guztiak. Harri nagusia hurbiletik begiratuta, zortzi erpin ditu, eta, horiek markatzen duten bideari jarraituz gero, hurrengoa aurkituko du bisitariak. Burgoko etxekoandreak azaldu duenez, harriak bata bestetik 400 bat metrora daude.