Besteak beste, astebetean, 41 film, mahai inguruak, solasaldiak, omenaldia eta bazkaria izango dituzte herritarrek aukeran.
Silvia Manzana eta Jon Ander Alonso, irekiera ekitaldian. Argazkia:Josu Trueba Leiva/ Bostok Photo
Silvia Manzana eta
Jon Ander Alonso aktoreek eman zioten hasiera ekitaldiari, domekan, Ikusgarri aretoan. Horretarako, 120 urte atzera egin eta 1895eko abenduaren 28ra bidaiatu zuten Ikusgarriko aretoan bildutakoek. Parisera heldu zen tren baten iritsierarekin hasi ziren aktoreak historioa kontatzen. Lumiere Cinematografoa. Sarrera franko bat zioen kartela bistaratuta, linterna magikoak lagunduta, jendea geltokian aurrera eta atzera, zerbaiten zain, ikusi ahal izan zuten eserlekuan jarrita zeudenek. «Eta halako baten momentu gorena iritsi zen».
Aktoreak XIX. mendetik etorri eta zinearen historian euren lekua aldarrikatu zuten; «ahots txikiak defenditzera etorri ziren», azaldu dute antolatzaileek.
Amama-ren sekretuak
Eta hain justu, horixe da Lekeitioko Euskal Zine Bilerak egiten duena: zinearen historian bazterrekoek duten lekua ikustarazi.
‘Amama’ flimeko kideak, domekan, Ikusgarrin. Argazkia: Josu Trueba Leiva/ Bostok Photo
38. Euskal Zine Bilerak bere baitan jasoko dituen ekitaldiak aipatu ostean, ohikoa den modura, urteko euskal ekoizle esanguratsuenari eman zioten tartea:
Amama filma.
Agertokira igo ziren orduan Asier Altuna Amamaren zuzendaria, Klara Badiola, Iraia Elias eta Kandido Uranga aktoreak. Eta Aitor Abaroa herritarrak gidatuta, filmaren sekretuak bistaratu zituzten.
Lekeitiora joateko gonbitea
Solasaldi hori egin ostean, 38. Euskal Zine Bilerako ateak zabalik geratu ziren: «euskal zinearen hitzordua heldu da».
Antolatzaileek, bide beretik, herritarrei ekintzetan parte hartzeko gonbitea egin zieten. Eta nola ez, herrikoak ez direnei ere Lekeitiora joaten gonbitea egin zieten. «Aurten euskaraz zer grabatu den jakin nahi baduzu, Lekeitiora etortzea baino ez duzu».