Ibilbidea aurretik hasi bazuen ere,
Radixu Irratia emititzen hasi zeneko 25 urte beteko dira abenduan. Urteurren borobilari begira motorrak berotzen hasita daude Radixuko kideak, eta aurrerapen gisa, musika jaialdia antolatu dute
Beikozini aretoan. Zapatuan [azaroak 28], Anestesia eta Mutrikuko Kraussk taldeek “kontzertu indartsuak” eskainiko dituzte, 23:00etatik aurrera.
Zapatuko kontzertuaz gain, hurrengo asteotan ere zer ospatua ere egongo dela nabarmendu dute Ondarroako irrati zaleek. “Urte hasierarekin batera egongo da zer ospatu; kontzertu gehiago egiteko asmoa dugu, eta nola ez, aurten ere ez da faltako 48 orduko irratsaio etengabea. Urtero legez, barikuan iluntzean hasi eta domeka iluntzera bitartean etenik bako zuzeneko irratsaioa egin nahi dugu”.

Radixu Irratiko irudia zer edo zer aldatu da, urteurren berezirako
Ospakizunekin hasita, gainera, Radixu Irratiko irudia ere zer edo zer aldatu da urteurren bereziari begira. Ohiko itxuragaz dator, baina aldi berean, 25. urteurrena iragartzen.
Era berean, laister parrilla berriaren aurkezpena ere egingo dutela iragarri dute irrati zaleek. Irratsaio berriak gehitu nahi dituzte eskaintzara, eta azken prestaketa lanak egiten dabiltza.
Lehengoak, gaurkoak eta gerokoak
Azken 25 urteotan ehunka ahotsek elikatu dute Radixu Irratia. Hain zuzen ere, kanpandorreko estudioetako mikrofonoen aurretik pasa diren lagun guztien artean sortu dute Ondarroako irrati librearen historia. Urteurrena aitzakia modura hartuta, horiek guztiak batzeko asmoa agertu dute Radixuko kideek. “Azken 25 urteotan Radixu Irratian irratsaioa eduki dutenak edo irratiagaz zerikusia izan dutenekin batzea da gure asmoa. Bazkari edo afari bat egin nahiko genuke, ea hori egitea posible dugun”.

Gaur egun, Radixu Irratiko familia osatzen duten kideetako batzuk. Argazkia: Radixu Irratia
Baina, irratiak luzerako bizi nahi baldin badu, irrati zaleen harrobiaren aldeko apustua egitea berebizikoa dela nabarmendu dute. Modu horretara, etorkizunean irratiari jarraipena emango dioten horiek mikrofonoen inguruan hezitzea garrantzitsua dela deritzote. “Radixuk luzerako jarraitzea nahi dugu, gazteengan irrati zaletasun hori zabaldu eta mikrofonoarenganako maitasun horretan eragitea garrantzitsua dela deritzogu. Gazteei aukera hori zabaltzea berebiziko dela uste dugu”.
Zaletasun hori zabaltzeko ahaleginetan, lehen irrati tailerra egiten hasi dira
Zubi Zahar herri ikastolako hainbat gazteekin batera, eta haiekin batera
Lorituk FM deritzon irratsaio berria sortu dute. Tailer horretan, eskolaz kanpoko ikasgai legez, irratiaren funtzionamenduaren berri ematen dute, 15 egunetik behin. “Edozein ikastetxek proeiktu berri bat egin nahi baldin badu hori gauzatzeko prest izango gaituzte. Gure ateak zabalik izango dituzte”.
Ahotsik gabekoen ahotsa
25 urte eta gero ere, ahots berrien gosez dabiltza oraindik; irratia egiteko gogoa, zerbait esateko, nahi duten musika jartzeko edo dena delarako gogoa dutenek Radixu Irratian izango dute horretarako aukera. Betiko legez, proiektu komunikatibo alternatiboa izaten jarraitu nahi dute, eta hemendik aurrera ere, herriko taldeei eta elkarteei berba ematen jarraitu nahi dute. “Ahotsik gabekoen ahotsa, Radixu Irratia leloa behin baino gehiagotan errepikatu dugu azken 25 urteotan, eta edozein taldek bere berri emateko erabili nahi baldin badu, hortxe izango gaitu. Bakoitzak nahi duenaren berri eman eta nahi duten moduko irratsaioa egiteko erraztasunak emango dizkiegu”.

Duela urte batzuetako irratsaio bat. Argazkia: Radixu
105.5 FM irrati frekuentziatik ez eze,
Internet bidez ere entzun daiteke irratia, mundo osoan. Bertan, besteak beste, irratsaioak zuzenean sarean entzuteko aukera egoteaz gain, grabatutako saioak berriro entzuteko aukera ere badago. “Bertan ekoitzitako hainbat programa daude aukeran, eta parrila osatzeko,
Arrosa sareko hainbat irratsaio eskaintzen dira. 24 orduko emisioa osatzeko, gainera, musika aukeratua eskaintzen dugu”.
Autofinantzatzeari esker bizi da Radixu Irratia, eta azken urteotan antolatzen duten Zapato Azule jaia jardunean jarraitzeko diru iturri handi bat bihurtu dela azpimarratu dute. “Jaitik lortzen den diruari esker, urte osoan egiten diren hainbat ekimen finantzatu ahal izaten dira, eta laguntza horri esker bizirik jarraitzen dugu, hein handi batean. Eskerrik asko hau guztia posible eginten duzuen lagun guztioi”.

Radixu Irratiko kideak Zapato Azulean zuzenekoa egiten
Diru horri esker, esate baterako, estudioak berritu eta itxuraz aldatzeko aukera izan dute aurten. “Udalak sabaia eta teilatua konpondu ditu, eta guk ostera, material asko berritzeko aukera izan dugu”.