Lekeitioko Udalak ke detektagailuak jarriko ditu etxeetan
Lekeitioko Udalak pertsona nagusien segurtasuna eta bizi kalitatea hobetze aldera, 86 urtetik gorakoei zuzendutako egitasmoa jarriko du martxan aurten ere. Iaz hasitako egitasmoagaz jarraituz 24 etxetara hurbilduko dira. Sute eta gas ihesek sortu ditzaketen arriskuak ekiditeko ekipo teknikoak jarri eta larrialdietarako ebakuazio plan zehatzak egingo dituzte.
Zerbitzua doakoa izango da herritarrentzat, eta udalak hartuko du bere gain kostu osoa, beraz, onuradunek ez dute ezer ordaindu beharrik izango. “Zerbitzua ezartzeko ezinbestekoa da aurretik etxebizitzaren azterketa egitea, eta horregaitik datozen egunotan behar bezala identifikatutako teknikaria joango dira etxeetara, beharrezko suen kontrako detektagailua jartzera”, azaldu du udalak. Detektagailu horiek jartzeko ez da obrarik egin beharko.
Suen kontrako detektagailuak kea hauteman eta alarma bidez funtzionatzen du. “Gauez bizten diren suteetarako oso egokia da, lotan gaudela, alarmak iratzartzen gaituelako eta etxekoen eta bizilagunen ebakuazio arina egiten laguntzen duelako. Pertsona gorrentzat, alarmak argi gorria pizten du”, zehaztu dute.
Era berean, egitasmo honek bigarren helburu bat ere badauka: etxeko ebakuazio planak egitea. “Nagusiek, mugikortasun-arazoak dituztenez, ebakuazio azkar bat egin ahal izateko, garrantzitsua da erreakzio-denborak murriztea. Kontua da aurrez sarbide-irtenbideak ondo aztertuta egon behar direla, bai eraikinekoak, bai etxebizitzakoak, eta horretarako ondoan dauden eranskinak errebisatu eta etxebizitzaren ezaugarri nabarmenenak ere ezagutu beharko dira. Irisgarritasuna osoa bada, ebakuazioa ere osoa izango da”.
Bestalde, Lekeitioko udalaren bitartez 78 etxeetan dagoeneko ipinita dauden ke detektagailuen errebisioa ere egingo da egunotan.