Belaunaldi ezberdinetako 160 guraso elkartuko dira bihar [azaroak 28] Bauskainen Markina-Xemeingo Guraso Elkartearen mende erdia ospatzeko. Ez dira denak egongo, batzuk falta dira jada eta beste batzuk ez dute ospakizunera joaterik izango, hala ere, elkartearen parte izan diren herritarrek gogoz eta ilusioz hartu dute festarako gonbidapena.
Guraso elkarteak danborrada antolatzen du urtero.
Autobusez joango dira Bauskainera bazkaltzera eta argazki erraldoi bat ere aterako dute. Bazkalostean, gainera, kafea eta gero, ezuztekoa izango dutela aurreratu dute gaur eguneko guraso elkarteko kideek.
Arratsaldea Bauskainen igarota herrira bueltatuko da taldea, herritar guztiekin batera Kontzekupean egongo den Kupelaren erromerian dantzan egitera. «Azken finean, herritar guztiek ospatzeko eguna izango da biharkoa, gure lana herriko ume eta gazteei zuzenduta dago eta herritar guztientzako jai bat izatea nahi izan dugu», azpimarratu du Rakel Anitua gaur eguneko guraso elkarteko lehendakariak.
Hamazortzi lagun
Olentzeroren kalejira, Pirritx eta Porrotxen ikuskizuna, danborrada, uraren jaia, margo tailerra eta antzerkiren bat ere antolatzen ditu beste ekintza askoren artean, gaur egun, herriko guraso elkarteak. Hamazortzi laguneko lantaldea da, bederatzi emakume eta bederatzi gizonezkoz osatua. Hiru urte egiten dituzte elkartean herriko gurasoek, eta martxo aldera aldatzen da taldea. Sei kidek uzten dute eta sei kide berri sartzen dira amaigabeko borondatezko lanaren gurpilean, hiru gizonezko eta hiru andrazko.
Lehendakaria ere aldatzen joaten da, eta urte batean emakumezkoa izan bada, hurrengoan gizonezko batek hartuko du txanda.
Herriko ikastetxe bietako gurasoen ordezkaritza ere bermatuta dago. Elkarteko kideek proposamen bat egin eta ikastetxe bietako gurasoei zabaltzen diete zerrenda, nahi duten ordezkariei euren bozka emateko.
Ur jokoak antolatzen ditu guraso elkarteak udaberrian.
Batzarrak hilean behin egiten dituzte eta lan handiagoa egonez gero birritan ere bai. Gainera, talde txikiagoetan banatzen dira ekitaldiak hobeto prestatu ahal izateko. Helburua, hilean behin behintzat, ekintza bat antolatzea da.
Neguko ludoteka ere, herriko guraso elkarteak kudeatzen du. Frontoi txikiaren gainean egon da urte askoan, baina, aurten, gela berria estreinatu dute frontoiaren atzeko aldeko lokaletan.
Sorrera
Urte gaitzak eta errazak. Era guztietako egoerak jasan ditu 50 urtetan, herriko guraso elkarteak, baina sorrerako helburu berak tinko dirau oraindik: Markina-Xemeingo gazteriaren garapen kultural eta soziala babestea. Babesteaz gain sustatu ere egin dute, beti sortzeko gogoarekin.
Elkartearen lehen batzarra 1965eko azaroaren 28an egin zen udaletxeko areto nagusian, eta elkartearen behin behineko batzordea osatu zuten. Hamalau ziren orduan batzordeko kideak: Carlos Arrizabalaga (lehendakaria), Pedro Balentziaga (lehendakari ordea), Jesus Noya (idazkaria), Lauren Aretxabaleta (diruzaina), eta Segundo Villanueva, Juan Pagaldai, Ramon Pradera, Alejandro Moriño, Javier Soler, Jose Luis Arago, Jose Antonio Ansola, Luis Ruiz de Austri, Jose Ramon Olasolo eta Faustino Ibarluzea (bokalak).
Elkartearen bigarren batzar orokorra 1966ko apirilaren 9an egin zen udaletxean, eta bertan, guraso elkartearen lehen gobernu batzordea aukeratu zuten. Behin behineko batzordeko batzuk utzi eta pertsona berriak sartu ziren batzordean: Julian Maguregi, Julian Ansola, Ramon Biteri, Daniel Oleaga eta Francisco Rementeria gehitu zitzaien.
Elkartearen lehen ekintzak gurasoentzako hitzaldi batzuk eta Santa Eufemiara irteera bat izan ziren, hala ere, guraso elkartearen lehen egitasmorik garrantzitsuena Zelaian ziburuak jartzea izan zen. 1967an jarri ziren ziburuak Zelaiaren bukaeran, garai hartako udaletxe frankistagaz mila eztabaida eduki ondoren.
Guraso Elkarteak prestatu behar izan zuen lurra bai eta ziburuak erosi ere. Eskola Laboraleko ikasleek Luis Ruiz de Austriren gidaritzapean egin zituzten jarri ziren lehen jolasak. Gainera, urte luzeetan guraso elkarteak izan zuen ziburuak eraberritu eta zaintzeko ardura. Udaletxeak ez zuen ziburuen ardura hartu 1978 urtera arte.
Era guztietako ekintzak
Mende erdian asko izan dira guraso elkarteak antolatu dituen ekintzak, horietako batzuk gaur egunera arte ailegatu dira gainera, Olentzero, Karmen jaietako umeen eguna eta Santa Ageda besteak beste. Horrez gain, Ondarroako institutura joateko garraioa, euskal kultur asteak eta zine asteak, solfeo klaseak, Gabponetako abestien txapelketak, hitzaldiak, liburu eta disko azokak bai eta udalekuak ere antolatu izan ditu elkarteak.
Guraso Elkarteak 40 urte bete zituenean argazkia atera zuten Xemeingo parrokiaren aurrean.
Miren Gerrikagoitia, Mari Karmen Legorburu, Josetxu Jaio, Marije Errasti eta Marije Barrutia dira beste askoren artean udaleku haietan monitore modura aritu zirenak. Bestalde, koloniak atontzeko beharrean ibili ziren Isidro Txaraka, Martin Iriondo, Ramon Biteri, Pedro Balenciaga eta Luis Ruiz de Austri. Errioxako Nafarruri, Villabuena, Villamediana de Ireguan eta San Asensio herrietan eta Nafarroako Murieta herrian egon ziren udalekuak.
Piscinaikus futbol zelaia ere guraso elkartearen ekimenez sortu zen 1972 urtean.
1965. urteko azaroaren 28an sortu zen, hain zuzen, Markina-Xemeingo Guraso Elkartea, eta 50 urte eta gero, egun hori bera, markina-xemeindar askoren behar ordainezina txalotu eta eskertzeko eguna izango da.