Krisi ekonomikoaren ondorioz, dozenaka familientzat oso zaila edo ezinezkoa da eguneroko jatekoa eskuratzea, eta egoera horri irtenbidea eman beharra zegoela bururatu zitzaien Isabel Mata, Juana Cabrera eta Juan Jose Bedialauneta herritarrei.
Hala, 2011ko abenduan, herriko janari denda batean janaria biltzeko kaxa ipini zuten Gabonetako zer jan ez zuen familia bati laguntzeko. Baina euren lana beharrezkoa zela eta herritarrek ondo erantzun zutela ikusirik, beste hainbat dendatan ere janaria biltzeko kaxak ipintzen hasi ziren pixkanaka, sarea zabalduz. Hilabete luzez, euren kontura musutruk egin zituzten bilketa eta banaketa, eta gerora, taldera batu direnek lan guzti hori gorapaitu besterik ez dute egiten. “Sekulako beharra egin dute. Ia egunero, erosketak egiteko orgatxoak hartu, eta dendarik denda janaria biltzen ibiltzen ziren behar gehien dutenen artean banatzeko”, diote.
Danonartin elkarteko hainbat kide
Orain bi urte, ordea, beste bi kide batu ziren proiektu solidariora, eta haien bultzadari esker, Danonartin Elkartea eratzea eta legalizatzea erabaki, eta herriko talde eta eragileekin ere harremanetan hasi ziren, Matak, Cabrerak eta Bedialaunetak hasitakoari jarraipena emateko. Eman zituzten lehen pausoen artean, Ondarroako eta Berriatuko udalekin jarri ziren harremanetan, eta hango Gizarte-ongizate batzordeekin koordinatuta, elkarlanean hasi ziren.
Aurten, gainera, boluntario kopurua nabarmen gehitu dela azpimarratu dute elkarteko kideek. Egun, zazpi kideren artean egiten dituzte lan guztiak, baina etorkizunera begira, kide eta boluntario gehiago batzea ere asko eskertuko lukete. Hain zuzen ere,
bilketa eta banaketa egiteko, beso eta esku asko behar direla nabarmendu dute.
Dirurik gabe
Elkartea bera osatzen duten kideen artean betetzen da prozesu guztia. Hau da, dendetan jasotakoa, Berriatuko eta Ondarroako hainbat familien artean banatzen dute. “Gure kabuz egiten dugu prozesu guztia, eta aurrerantzean ere horrela izatea nahiko genuke. Momentuz, berton jasotako elikagaiekin inguruko familiei laguntzeko nahikoa dugu, eta ondorioz, ez dugu elikagai bankura eskaerarik egin beharrik”.
Partikularrek, dendek, enpresek, zenbait erakundek… dohaintza bidez emandakotik lortzen dituzte elikagaiak. Herriko elkarteek eta norbankoen laguntza berebiziko dela azpimarratu dute Danonartin elkarteko kideek.
Zehatz esanda, partikularrek, dendek, enpresek, zenbait erakundek… dohaintza bidez emandakotik lortzen dituzte elikagaiak. Herriko elkarteek eta norbanakoen laguntza berebizikoa dela azpimarratu dute. Haien laguntzari esker, “asko egin ahal” dutelako. Baina, batez ere, herriko denda guztien “lana eta esfortzua” eskertu nahi izan dituzte. “Eurei esker, hein handi batean hau guztia posible egiten da. Gure lana herritarrek eta erakundeek dendetan egiten dituzten ekarpenak jaso eta behar izana dutenei heldu araztea da, gu bitartekari hutsak gara”.
Jasotzen duten
laguntza guztia janari eran jasotzen dute. Hartara, esku artean ez dute dirurik erabiltzen. “Ez dugu laguntza modura dirurik onartzen. Enpresa batzuek, esaterako, proiektua diruz laguntzen dute, baina horren ordez, diru hori jakietan emateko eskatzen diegu. Zer behar dugun galdetzen digute, eta hilabete horietan eskasia dugun jaki horiek lortzeko eskatzen diegu lagundu nahi duten horiei”.
Enpresa laguntzaileek ez eze, herritar askok ere antzerakoa egiten dutela diote; laguntza horri esker, falta dituzten jaki horiek lortzen saiatzen dira. “Herritar askok ere, dendetan kutxan kilo bat arroz utzi beharrean, dendetan dirua uzten du, eta astelehenetan kutxetako jakiak jasotzera joaten direnean, denda horretan diru kopuru horrekin ailegatzen den janari freskoa erosten saiatzen dira”.
Eguneroko jarduna
Janari modura jasotzen duten guztia ongietorria dela azpimarratzen dute. “Gure helburua familia horiek egunero jateko zer edo zer izatea da”.
Oro har, gehien kontsumitzen diren produktuak bermatzen saiatzen dira. Batez ere, esnea, arrautzak eta olioa banaketa guztietan edukitzen saiatzen dira. Jaki freskoei dagokienez, nahi baino gutxiago banatzen dutela nabarmendu dute. “Ahal den guztietan zer edo zer lortzen saiatzen gara, baina denentzat lortzeko adina ez dago”.
Elkartearen jardunari dagokionez, boluntario sarea osatzen duten guztien eguneroko lana dago horren atzetik. Bilketa, esate baterako, astero egiten dute. “Orain gutxi arte, gure ohorezko kideen eskutik egiten zen bilketa guztia; orgatxoak hartu, eta dendarik denda janariak jasotzen aritzen ziren. Orain, ostera, Errota okindegikoek eskainitako laguntzari esker jasotzen da kopururik gehiena. Ogia banatzen duten bitartean jasotzen dira jakiak eta”.
Danonartin elkarteko kideak euren lokalaren aurrean. Argazkia: Danonartin
Elikagai guztiak jaso ostean, horiek Antiguako Ama kalean duten lokalean antolatu, txukundu eta sailkatu egiten dituzte.
Banaketa bi astetik behin egiten dute,
astelehenetan. Behar hori udaletxeko Gizarte-ongizatekoekin batera koordinatuta egiten dute. “Familia edo eskatzaile bakoitzak zer behar duen aztertzen da, eta hor jasotzen duten identifikazio zenbaki horren arabera zenbat banatu behar dugun zehazten digute”.
Azkar esaten bada ere, hilero-hilero
78 familia unitateri laguntza ematea lortu dute, eta gehiagok laguntza beharrez gero, Gizarte-ongizate zerbitzuetara jotzea gomendatzen dute, handik euren bidez behar duten laguntza jasotzeko.
Kanpaina bereziak
Hileroko bilketez gain, urtero azaroaren bukaeran kanpaina berezia egin izan ohi dute. Aurten, laugarren urtez egingo dute bilketa berezia Ondarroan.
Urtetik urtera hainbat norbanakoen elkartasunari esker kanpainetan gero eta janari gehiago jasotzen dute, baina oraindik ere “lan asko dagoela” egiteko azpimarratu dute elkarteko kideek. Kilo horiek guztiak lortzea “ez da ahuntzaren gauerdiko eztula”. Azaroan egiten diren bilketan gorako joera handia ikusi dute urte batetik bestera; “baina aurten, oro har, egoera ekonomikoak gehiegirik ez duenez laguntzen, urtean egin diren bilketetan beharakada nabarmena nabaritu dugu”.