Espainiako gobernuak darabilen Hiesaren “erabilera politikoa” salatu dute dozenaka pertsonak gaur [azaroak 28] Ondarroan egindako manifestazioan. Era berean, protestan batu direnek, Ibon Iparragirre larriki gaixorik dagoen preso politikoa berehala askatzeko eskatu dute Ondarroako kaleetan barrena. Guztira, 300 bat pertsonak bat egin dute Iparra Galdu Baik plataformak eta Kitzikan antolakundeak egindako deialdiagaz.
Ondarroako kaleetan egindako manifestazioa
Alamedan amaitu da ekimena, eta han batutakoen aurrean Iparra Galduk Baik eta Kitzikan elkarteko kideek hartu dute hitza. Hain zuzen ere, Espainiako gobernuak gaixotasuna “arma politiko eta ekonomiko” bezala erabiltzen duela ozen salatu dute. “Espetxeetan temati ari dira erabilera kriminal horretan, Ibon Iparragirre Ondarroako preso politikoaren aurka”.
Administrazio publikoa Iparragirreren osasun egoeraren jakitun bada ere, “justiziaren ezarpenetik haratago doan mendeku politika ari direla inposatzen” nabarmendu dute. “Epaileak berak Iboni bat eta bost urte bitarteko bizitza gelditzen zaiola onartzen du, baina, hala ere, kartzelan mantentzea erabaki du. Ibon etxera bidali beharrean, espainiar gobernuak bere eskura dagoen guztia erabiltzen du Ibonen osasun baldintzak oker daitzen, etengabe torturapean mantenduz eta bere senide nahiz gertukoen kontrako sententzia inposatuz. Hau dela eta, Ibon Iparragirreren berehalako eta baldintzarik gabeko askatasuna exijitzen dugu”.
Bi elementu bateraezin
Hiesak eta espetxeak “baterazinak” diren bi elementu direla ere azpimarratu dute Alamedan. “Hiesak gaixotu egiten du, baina espetxea da hiltzen duena. Espetxea da leku bakarra non botereak, bere benetako neurriz gaineko aurpegia erakusten duen, eta bere morala justifikatzen duen lekua”.
Alamedan egindako bukaerako ekimena
Iparragirre espetxean mantentzea, “aukera politikoa” dela ere salatu dute han batutakoek. “Hiesaren kontrako botiken ordez, beste tratamendu bat jarraitzeko hautua egiten dutenak, Ibonek bezala, kartzelan usteltzera kondenatzen dituzte, botikak ez hartzearen aitzakiarekin. Administrazio publikoak ezin dute erabaki hori zigortu, ez eta Ibonen kontrako euren jarrera kriminala justifikatzeko erabili”.
Errealitatea ezagutara ematen
Iluntzeko manifestazioagaz gain, aurretik ere beste hainbat dinamika egin dira hiesak kartzeletan duen eraginaren errealitatea ezagutara emateko. Besteak beste, mahai inguru berezi bat egin da Kofradia Zaharrean. Hain zuzen ere, hiesa duen pertsona batek kartzelan egotea nola bizi duen azaltzen saiatu dira. Bertan izan dira, Manuel Garrido Sotelo medikua, Salhaketa Bizkaia elkarteko kide bat, Gotzon Iparragirre Ibonen anaia eta Iparra Galdu Baik plataformako kidea eta Kitzikan gazte antolamenduko bi kide.
Mahai inguruan parte hartu dutenen arabera, “espetxeek gaixotu egiten dutela” nabarmendu dute. Salhaketa Bizkaiko kideak eman dituen datuen arabera, esate baterako, gaixorik dauden presoen gehiengoak ez du beharrezko tratamendua jasotzen espetxean. Hala, urtero 220 pertsona Espainiako kartzeletan hiltzen direla argitu du.
Mahai inguruan parte hartu dutenak. Ezkerretik eskumara: Manuel Garrido, Gotzon Iparragirre, Kitzikaneko kideak eta Salhaketa Bizkaiako kidea.
Bestalde, Ibon Iparragirre kartzelan mantentzeko arrazoi nagusia Hiesaren aurkako botikarik ez duela hartzen dela azpimarratu du Iparra Galdu Baik plataformako kideak. “Ibonek bere garaian hartu zuen erabakiari indar gehiago eman nahi diogu, eta dakigunez gainera, antibiralen ordez beste alternatiba batzuk hartzen dituen jende gehiago dago”.
Ekimenek bihar [azaroak 29] jarraituko dute. Manuel Garrido Sotelo medikuak Hiesaren inguruko hitzaldia emango du 12:00etan, Kofradia Zaharrean. Orain ia 30 urte seropositiboa zela esan zioten Garridori, eta bere bizipenei buruzko hitzaldia izango da.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.