Lea-Artibaiko bi pilotarik jokatuko dute abenduaren 17tik 21era Acapulcon (Mexiko) jokatuko den 22 azpikoen mailako IX. Munduko Zesta-Punta Txapelketa. Roberto Lekue Berriatuko eskolako arduraduna eta Espainiako selekzioko hautatzailea izango dute gidari. Garaipenagaz itzultzea dute helburu.

Zesta-puntako bikotekako txapelketa.
Abenduaren 15ean irtengo dute Acapulcorantz Anton Gandiaga markina-xemeindarrak eta Julen Iriondo etxebarritarrak. Roberto Lekuek osatzen du bertoko ordezkaritza, eta eurekin batera joango dira, Espainiako selekzioko ordezkari legez, Cosme Agirre pilotari zumaiarra, Julen Del Rio pilotari gasteiztarra, Roke Alberdi eta Unai Lekerikabeaskoa pilotari gernikarrek eta federazioko arduradunak: Julian Garcia Espainiako pilota federazioko lehendakaria eta Xabier Asiain zuzendari teknikoa.
Guztira, zazpi taldek jokatuko dute 22 azpikoen munduko zesta-punta txapelketa. Espainiako selekzioak bi talde izango ditu eta Frantziak ere bi talde edukiko ditu norgehiagokan, beste hiru lurraldeek, ostera, Filipinas, Kuba eta Mexikok talde bakarra edukiko dute.
Jokoa
Abenduaren 17an hasiko dira partidekin, eta egunero jokatuko dutela jakitera eman du Roberto Lekuek. «Bi set jokatuko dituzte 15 tantura, eta berdinketa balego hirugarren set-a jolastuko dute, azken hori 10 tantukoa izango da», zehaztu du.
Taldeen mailaren arabera bi taldetan banatuko dituzte parte hartzaileak. «Talde bakoitzeko ligaxkaren ondoren, lehenengo gelditzen denak beste taldeko hirugarrenaren kontra jokatuko du eta bigarrenak hirugarrenen kontra gurutzatuko dira», arditu du hautatzaileak.
Zazpi taldeetatik lau ailegatuko dira finalaurrekoetara eta irabazleek, abenduaren 21ean finala jokatuko dute.
Aukera handiak
Esperantza handiekin doa bertoko taldea Acapulcora. Joan den urtean garaipenagaz itzuli ziren etxera, eta aurten ere lorpen hori errepikatu nahi dute. «Aukera handiak ditugu. Espainiako selekzioa eta Frantziakoa izaten dira onenak eta daukagun maila erakutsiz gero garaipenagaz itzuli gaitezke etxera», azpimarratu du Lekuek.
Unai Lekerikabeaskoa
Lekerika pilotariarentzat ez da munduko txapelketa jokatzera joaten den lehen aldia. Barandikagaz batera Amateurren Munduko Txapelketa irabazi zuen, eta aurtengoa hirugarren txapelketa izango du gernikarrak. Alberdi, Gandiaga eta Iriondorentzat, berriz, lehen aldia izango da. «Lekerikak maila ematen badu ez daukagu beldurrik», azpimarratu du Roberto Lekuek.