Arantza Zulueta jasaten ari den l
egez kanpoko egoeraren kontrako salaketak jarri eta zorion agurrak bidaltzeko ekitaldia antolatu dute zapatuan, Arantza Zuluetaren lagunek. Ia urte bi darama Zuluetak isolatuta, atxilotu zutenetik, eta legeak egoera hori salbuspena dela dioen arren Arantza Zuluetak eta beragaz batera atxilotu zuten Jon Enparantza abokatuak
erabateko bakartzea jasaten dutela azpimarratu dute Zuluetaren lagunek. «Izan ere, Arantza dagoen modulua zigorrak betetzeko modulu berezia da», azaldu dute.
Zulueta eta Enparantzaren bakartzearen arduradunak salatu egin behar direla adierazi dute Arantza Zuluetaren lagunek. «Egoera hau ez delako legala, are gutxiago, bidezkoa. Etengabeko tratu txarra da, denboran luzatzen ari dena». Beraz, salaketa horiek egiteko, mahaia jarriko dute zapatuan, 13:00etan, Eskolapean, eta salaketa orriak egongo dira betetzeko.
Udan 150 salaketa jarri zituzten Arantza Zuluearen lagunek Bilbora joanda, eta urrian 511 salaketa jarri ziren Donostian. «Ahal dugun salaketa guztiak bete eta jarri behar ditugu urte bira luzatzen ari den egoera anker honi amaiera eman behar zaiolako».

Zuluetaren lagunak, udan bilbon egindako ekitaldian.
Salaketez gain, postalak ere edukiko dituzte mahaian, abenduaren 6an Arantza Zuluetaren urtebetetzea da eta zorion agurren bidez «isolamendu hormak zulatu» nahi dituzte.
“Egoera jasanezina”
Behin eta berriro salatu dute Arantza Zuluetaren lagunek haren egoera jasanezina. Astean zehar hainbat ordu beste preso batzuekin jarduerak egiteko aukera izan beharko lukeela dio legeak, baina erabat bakartuta mantentzen dutela azaldu dute bere lagunek, eta ez diotela beste presoekin batera bizitzarik egiteko eskubiderik ematen. «Beraz, ezin du programatutako jardueretan parte hartu».
Horrez gain, ziegan edo patio txiki batean egon behar du beste presoekin inolako harremanik eduki barik, eta hori gutxi balitz, ziegatik irtetzen duen bakoitzean gorputza haztatu egiten diotela zehaztu dute. «Ziega behin eta berriz arakatzen diote eta etangabeko motor zarata dauka 07:00etatik 13:00ak arte».
Ikasketak egin eta liburutegia erabiltzeko egin duen eskaerari ere ezezkoa eman diotela gaineratu dute bere lagunek.