Etzi [abenduak 5] hasiko da Mutrikuko XI. Abendurock jaialdia. Kultur eskaintza zabala eskaintzen duen egitaraua prestatu dute Mutrikuko Rock Kolektiboko kideek, eta abenduaren 26ra bitartean, hiru asteburutan banatuta, hainbat kontzertu eskainiko dira; baina horiez gain, musikarekin zerikusi estua duten argazki erakusketa eta dokumental proiekzioak ere egingo dira.
Rock kolektiboko kideek nabarmendu dutenez, aurtengo jaialdia “indartsu” dator, eta kultur zale guztiak doan egingo diren ekimenetara gonbidatu dituzte.
Aspaldiko urteotan ez modura, aurten ekimen guztiak toki berean izango dira: Mutrikuko Gaztetxe berrituan. Mutrikuko Gazte Asanbladako kideekin elkarlanean, Gaztetxea txukuntzen aritu dira azken asteotan rock kolektiboko kideak, eta Abendurock jaialdiaren barruan itxura aldatuta irekiko ditu ateak berriro.

Abendurock jaialdiaren antolatzaileak, Mutrikuko Gaztetxearen sarreran
Hainbat herritarrek auzolanean lokala margotu, argiztapena berritu, akustika hobetu eta beste hainbat hobekuntza egin dituzte, eta horiek egindako lanaren emaitza ikusteko aukera egongo da zapatuan [abenduak 5], 18:00etan, egingo den inaugurazio ekitaldi xumean. “Datorrenari egin ditugun aldaketa eta konponketa guztiak gustura erakutsiko dizkiogu, eta ondoren, luntxa egingo dugu. Instalazio berriak ezagutara emateko irrikitan gaude”.
Hain zuzen ere,
Gaztetxeari bultzada berri bat eman nahi diote gazte asanbladako eta rock kolektiboko kideek. Hartara,
Gaztetxia berpizten leloarekin dator Abendurock jaialdia bera ere. “Gaztetxea bera nahikoa hilda zegoen, eta denon artean, indarrak batu eta berpiztea erabaki dugu”. Zehatz esanda, Gaztetxearen erabilera herriko esparru guztietara zabaldu nahi dute. “Herriko kultur talde guztietako kideak bertan batu nahi ditugu, eta hemen izango dute eurantzako lekua”.
Kontzertuez gain, hitzaldiak, antzerkiak, bideo emanaldiak, bertso saioak, erakusketak… eta beste abarren espazio publiko bihurtzea nahi dute Gaztetxea. “Ez dugu nahi Gazte Asanbladaren eta Mutrikuko Rock Kolektiboaren espazio bat izatea soilik, herriko talde guztiei irekita dagoen espazio bat izatea nahi dugu. Herriko kultur denek espazio honi erabilera bat ematea nahi dugu. Gaztetxea ez dugu nahi bakarrik kontzertuekin erlazionatuta dagoen espazio bat. Beste hainbat gauzatarako erabiltzea bultzatu nahi dugu”.
Gaztetxe barruko espazio berrantolatu egin dute, eta modu horretara, maila altuko Gaztetxea eskaini. Orain egin diren aldaketekin, esaterako, kontzertuek kalitatean irabazi egingo dutela diote. “Lehen kontzertua zegoen bakoitzean dena muntatzen ibili behar izaten genuen. Orain, ordea, egitura finko bat muntatu dugu, eta kontzertuak eskaintzera datozenentzako ere askosaz erosoagoa izango da. Argiztapen eta soinu aldetik ere, asko irabazi du, eta zuzenekoaren kalitatea nabarmen hobetuko da”.
Herriko taldeen agerleku
Jaialdiari dagokionez, hasiera indartsua izango du Abendurockek. Zapatuan [abenduak 5] Pelax eta Cowboy’s Orchestaren kontzertua ikusteko aukera egongo da, eta domekan [abenduak 6]
Sound City Ipar Amerikako grabaketa estudio handienari buruzko dokumentala ikusteko aukera egongo da.

Antolatzaileak Abendurock jaialdirako gonbidapena egiten
Horrez gain, zapatutik aurrera, Unai EndemaƱoren argazki erakusketa ikusteko aukera egongo da. EndemaƱo musika munduan aritzen den argazkilari entzutetsua da,
Metal Hammer eta
Mondo Sonoro moduko aldizkarietarako argazkiak ateratzen ditu, eta hark ateratako argazkirik esanguratsuenak ikusteko aukera egongo da.
Ohi modura, gainera, Mutrikuko Rock Koletiboko talde guztiak batzen dituen MRK gau berezia ere antolatu dute abenduaren 19rako. Etxeko taldeek hainbat bertsio ezagun taularatuko dituzte Incult taldearekin batera. Gaua luzea izango dela aurreratu dute rock kolektiboko kideek. “Ordu txikiak arte musika ipiniko dugu”.
Beste berritasun batzuen artean,
Durangoko azokan aurkeztutako hainbat lan taularatuko dira jaialdian. Pelax, Tooth eta Tutan come on taldeek, esaterako, euren azken lanen estreinaldia egingo dute Mutrikuko Gaztetxeko oholtza gainean. “Euskal Herri mailan aurkeztuko diren berritasun horien plaza bihurtuko gara hurrengo asteetan”.
Antolatzaileek gaineratu dutenez, datozen asteotan eskainiko diren ekintzekin Gaztetxea betetzea dute helburu. “Barran batuko den dirua, urtean beste hainbat kultur ekintza egiteko bideratu nahi dugu. Gaztetxea bera berpiztu behar dugu, eta herrira zuzendu nahi dugun kultur eskaintza ere handiagoa izan daitekeela deritzogu”.
Egitaraua