Arbe eta Zabala agurtzeko jaialdia antolatu dute Markina-Xemeinen
Jokin Arbe eta Jon Zabala puntistak Floridako (AEB) Dania Jai Alai pilotalekuan arituko dira urtarriletik aurrera. Profesional moduan jokatzeko kontratatu dituzte Markina-Xemeingo Zesta Eskolako bi pilotariak. Hori dela eta, agur jaialdia antolatu diete euren herrian, Markina-Xemeingo Udalak eta Zesta-Punta Eskolak.
Abenduaren 12a ospakizun handi bat izatea nahi dute antolatzaileek. Pilotaren Unibertsitatetik ehundaka eta ehundaka pilotari atera dira historian zehar, zestak eskuan hartu eta atzerrira, pilotan jokatzera. Zerrenda luze horreri Arbe eta Zabalaren izenak gehituko zaizkie orain. Alex Rekalde, Jonathan Etxebarrieta Etxeba, Iñaki Aldazabal, Iñaki Goitiandia Goitia, Eñaut Salegi, Jon Azpitarte eta Ortzi Goiri Txasio rekin batera beraz, bederatzi izango dira aurrerantzean profesional mailan jokatuko duten zestalari markina-xemeindarrak.
Jaialdia
18:00etan hasiko da Uni pilotalekuko jaialdia, eta denbora luzez, Arbe eta Zabala Unian jokatzen ikusteko azken aldia izango da. AEBn eurekin batera debutatuko duten Xabi Barandika eta Unai Lekerikabeaskoa gernikarrak izango dituzte aurkari.
Arbe eta Zabala afizionatu mailan punta puntan dabiltzan zestalariak dira. Jokin Arbe 24 urteko aurrelari azkarra eta errematatzailea da, eta azken urteetan Bilbo, Donibane Garazi, Gasteiz, Hossegor, Gernika edota Durangoko txapelketak irabazi ditu. Jon Zabala berriz, aurretik Filipinetan jokatutakoa da profesional moduan, eta orain Estatu Batuetara jokatzera deitu dute. Afizionatu mailan Berriatuan, Mutrikun, Durangon eta Markina-Xemeinen bertan ere txapelak jantzitakoa da besteak beste, eta orain 27 urterekin profesionaletan ere maila onena emateko prest dago.
Agurreko partiduan aurrean izango duten bikotea ere ez da nolanahikoa. Barandika eta Lekerika gernikarrak egungo Munduko Txapeldunak dira afizionatu mailan, eta hauek ere Estatu Batuetan debutatzear daudenez, duten onena ematera aterako dira laurak kantxara. Euskal Herrian denbora tarte batean jokatuko duten euren azken partidua izango da. Ondo ezagutzen dira lau pilotariak, askotan jokatutakoak dira elkarren kontra, lagunak ere bai, eta ikuskizun bikaina emango dute zalantzarik gabe.
Gazteen erakustaldia
Jaialdian, baina, ez da partida bakarra jokatuko. “Zesta eskolan gaztetxoekin egiten den lana benetan da nabarmentzekoa. Horregatik, ikusgarriak izango dira, nola ez, pilotari gaztetxoagoek jokatuko dituzten beste bi partiduak”, azpimarratu dute antolatzaileek.
Bi partida izango dira gazteenak. Alde batetik, Arakis eta Izarok, Mendi eta Atainen kontra jokatuko dute, bestalde, Urri eta Ibarluzea eta Gotzon eta Mandiolaren arteko partida egongo da. Izaro Arberen partehartzea nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek: “Kirol honetan asko dago egiteko emakumearen partehartzea hobetu nahi bada, baina kasu honetan, Markina-Xemeinen bada neska bat behintzat zestalaria dena: Izaro Arbe eta abenduaren 12ko jaialdian kantxan izango da bera ere”.
Pilota partidez gain, musika, argazki erraldoiagaz borobilduko dute jaildia.Markina Xemeingo Unibertsitatetik atera diren zestalari guztiekin argazki erraldoi bat aterako dute Arbe eta Zabalaren partidua amaitu bezain laster. “Markina Xemeindik ehundaka pilotari atera dira, alde handiarekin bera da historian pilotari gehien eman dituen herria, eta argazki erraldoi hau, herri honek zesta puntari emandako guztiaren aitortza ere izango da”, azaldu dute.
Ondoren, giroak jarrai dezan, DJ On&On-ek musika jarriko du forntoian bertan.
Mahaingurua
Arratsaldeko jaialdi handiagaz gainera, zesta-puntari lotutako mahaingurua ere prestatu dute abenduaren 12rako. 12:00etan izango da hitzordua kultur etxean. Horretarako, zesta-puntaren jarraitzaile eta ikertzaile bi gonbidatu dituzte: Migeul Angel Bilbao eta Alberto Prieto Calixto.
Miguel Angel Bilbao pilotaren historia aztertu eta benetan ondo ezagutzen duen markinarra da. Besteak beste, Cesta-Punta, Los Profesionales de la especialidad liburuaren egilea. Bere hitzaldia Zesta-Punta, kirol modalitate bat baino zerbait gehiago izango da. Alberto Prieto Calixto, berriz, Floridako Unibertsitateko irakaslea da, eta zesta puntak Estatu Batuetako gizartean eta kultura izan duen eragina azalduko du. Mahainguru hau zabala izango da eta publikoak ere parte hartu ahal izango duela aurreratu dute antolatzaileek.