Gaurtik martitzenera [abenduak 4-8] bitartean euskarazko
kultur sormenen egarriz, makina bat jende ibiliko da
Durangoko Landako gunean.
Urteurren borobila bete du aurten
Durangoko Azokak. 50 urte bete dira lehen pausoa eman zuenetik, eta zelan ez, lehen urrats hura eman zutenak omenduko dituzte urteurren berezi horretan.
Durangoko Azokaren irekiera.
Hala, 1965ean Gerediaga elkartea eta
Durangoko Azoka sortzeko elkartu zirenek jasoko dute Argizaiola saria bihar, San Agustin kulturgunean.
Hain zuzen, honakoak dira saridunak: Jose Luis Lizundia, Leopoldo Zugaza, Carmen Miranda, Maria Concepcion Astola, Maria Rosario Astola, Arrate Salazar, Koldo Alzibar eta Jesus Astigarraga.
Azokari buruzko liburua
Era berean, bost hamarkadetako ibilbidea laburbildu dute Durangoko azoka 1965-2015 liburuan. Jesus Mari Arruabarrenak testigantzak bildu ditu libururako, eta Joseba Sarrionandiaren gogoetekin osatu dute.
Gainera, Txelu Angoitia argazkilariak azken hamabost urteetan azokan ateratako ehunka argazkigaz apaindu dute liburua.
249 erakuslekutan, 350 bat berritasun egongo dira erosleen zain; horien artean, Lea-Artibai eta Busturialdeko egileenak ere. Euskal sormenen inguruan ibiliko dira hamaika sortzaile eta beste horrenbeste kulturzale azokaren gune desberdinetan barrena.
50. Durangoko Azokaren aurkezpenean, azokako ordezkariak, Landako gunearen aurrean.
Hamabost urteren ondoren,
Nafarroako Gobernuak ere izango du bere saltokia. Azokaren sei babesle publikoetako bat da aurten, eta irekiera ekitaldi ofizialean ere presente egongo da.
Bestalde, lau urte dira azoka iragartzeko kartela euskal sortzaileei eskatzen zaiela, eta 50. urteurreneko lana Jose Luis Zumeta margolari usurbildarrak egin du.
Kultur ekitaldi gehiago
Aurten, gainera, inoiz baino kultur ekitaldi gehiago izango dira aukeran bost egun horietan. Mimo handiz, 250 ekitalditik gora prestatu dituzte: berbaldiak, zuzeneko emanaldiak, disko zein liburuen aurkezpenak, mahai inguruak, ikus-entzunezkoen emanaldiak…
Bestalde, lehenengoz, l
iburu digitalak maileguan hartzeko aukera egongo da Durangoko Azokan, eLiburutegia-ren bidez.
Halaber, beste berrikuntzetako bat
#igerrak_50DAInstagram lehiaketa da. Bertan parte hartzeko Instagram sare sozialean @igerrak, @durangoko_azoka eta @zbarnetegia
profilen jarraitzaile egin behar da, #igerrak_50DA traola erabilita.
Lehiaketaren zein azokaren berrikuntzak, egitaraua, ordutegiak eta bestelako informazioa ere sarean dago eskura, Twitter, Facebook eta Instagram sare sozialetan zein
webgunean.
BERRITASUNAK
- Ahotsenea. 120 emanalditik gora egongo dira: 70 zuzeneko eta 50 bat solasaldi. Solasaldien gunea aurten Landako barruan dago, eta bederatzi disko eta 42 liburu aurkeztuko dituzte. Zuzenekoen karpa iazko leku berean dago, bi eszenatokirekin.
- Irudienea. Ikus-entzunezkoen erakusleihoa, hausnarketa eta iritzi-trukerako gunea ere izango da. Amama pelikula, Euskal Herriaren ABDak, XI. Kameratoia Ikus-entzunezko Rallya, EHUko ikasleen film laburrak, ikus-entzunezkoetako eduki sexistei buruzko tailerra eta hitzaldia…
- Kabi@. Guneak kabi itxura du aurten, domo geodesiko baten barruan kokatuta. Irrati estazio bat sortzeko tailerra, komunikabideen etorkizunari buruzko mahai ingurua, euskal instagram komunitatearen (Euskal Igerrak) eta bideojokoen euskal komunitatearen (Gamerauntsia) topaketak, wikilari euskaldunen bilkura etab.
- Saguganbara. Ipuin kontalariak, tailerrak, irakurmena sustatzeko txakurrekin jarduerak, umeekin erlaxatzeko ariketak, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna, Irrien Lagunen jaia… Ekimen berritzaile asko egongo dira aukeran.
- Szenatokian. Bertan egingo dituzte gaurko inaugurazio ekitaldia eta biharko Argizaiola sarien banaketa. Horrez gain, Zirko Anabasa, antzerki maratoia, Kafie eta berba antzerki eskolen topagunea, Eskutitzak antzezlana…
- Azoka TB. Emisio jarraitua eskainiko du zuzenean eta streaming bidez www.durangokoazoka.eus webgunetik. Aurten inoiz baino hedabide gehiagoren lankidetza egongo da.
- Plateruena. Kontzertu handien plaza honetatik Euskal Herriko izen handiko musika taldeak pasatuko dira. Besteak beste, Esne Beltza, Anari, Iheskide, Audience edota Korrontzi ariko dira taula gainean.
Lea-Artibai eta Mutrikuko sortzaileak, azokan:
LIBURUAK
- Miren Agur Meabe (Lekeitio)
- Ros. Erein.
- Bihotzak Dun-Dun/Printzesa ausarta/Adarbakar urdina. Elkar
- Leire Bilbao (Ondarroa)
- Errotondan bueltaka.Elkar.
- Karmele Jaio (Lekeitio)
- Orain hilak ditugu. Elkar.
MUSIKA
- Garoa (Mutriku): Hariak Hautsiz. Auto-ekoiztua.
- Nabil (Lekeitio): Ordu kiskaliak, Iraun Urkaregik ekoiztu, nahastu eta masterizatua
Lekeitioko Bedroom Studiosen.
- McOnak (Lekeitio). Galarrena. Mauka.
- Piztiak (Ondarroa).U, 2. edizioa, Marabilli Sormen Festibaleko Bixitxi marabilli re kantagaz.
- Txapelpunk (Lekeitio). Punkaren semeak. Baga-Biga.
Emanaldiak:
GAUR [abenduak 4]
- Azoka TB. Piztiak talde ondarrutarra (19:30-20:00).
- Ahotsenea zuzenekoak. Txapelpunk taldea (18:20-18:50).
- Ahotsenea zuzenekoak. Piztiak taldea (19:40-20:10).
BIHAR [abenduak 5]
- Ahotsenea zuzenekoak. Bostenbor Muruetako taldea (18:20-18:50era).
- Ahotsenea zuzenekoak. Lekeitioko Nabil taldea (15:40-16:10era).
DOMEKA [abenduak 6]
- Ahotsenea solasaldiak. Lekeitioko Karmele Jaio idazlearen Orain hilak ditugu poesia emanaldia (18:30-18:55).
MARTITZENA [abenduak 8]
- Ahotsenea zuzenekoak. Ondarroa eta Markina-Xemeingo Dzaust! (19:40-20:10) taldea.