Galarrena batek bezala indarra hartu, dena eman eta barealdia igaro du McOnak talde lekeitiarrak.
Piraten Matxinada diskoaren bira nekaezinaren ondoren, urtebeteko atsedenaldia hartu zuten, eta orain, bueltan dira, berriz ere, disko berriagaz. Durangoko Azokan kaleratuko dute diskoa, eta Mauka Musikagintza disketxearen standean egongo dira egunotan McOnak taldeko kideak lan berria ezagutzera emateko.
McOnak taldea. Argazkia: McOnak
Joan zen urte amaieran erabaki zuten disko berria egitea, eta gutxi-gutxika martxan hasi zirela jakitera eman du Kemen Atxurra taldeko gitarristak. «Batek ideia ekarri, besteak emon, eta kantak idazten hasi ginen lokalean, eta sortze prozesu horregaz egon ginen gutxi gora-behera ekain amaiera uztail hasierara arte. Uztailaren azkenetan kantak zarratuta geneuzkan, letrak amaituta eta grabazio prozesuan hasi ginen». Abuztuan zer edo zer grabatu zuten, baina, Lekeitioko jaien ostean grabatu dute gehiena. «Azaroaren hasieran amaitu dugu grabazioa eta lana fabrikara joan da».
Mungiako Muxikon eta Aulestiko Altxune estudioetan grabatu dute Jorge Etxebarrieta Txortx-en gidaritzapean. «Entsegatu ere Altxunen egiten dugu eta ondoan dagoen estudioan grabatu ditugu kantak, etxean bertan», zehaztu du Atxurrak.
Ia urtebeteko lana izan da. «Prozesu osoa trankil egitea erabaki genuen. Gustuagaz egin nahi izan dugu, gustora geratzeko. Kontzertuak albo batera itxi ditugu eta erritmoa jaitsi, lana lasaitasunagaz eta mimo pizka bategaz egiteko».
Diskoari Galarrena izena jartzea ez da halabeharrez gertatu. Hiru arrazoi dira medio. «Alde batetik, galarrena itsasoan sortzen den ekaitza da, bapatean leher egin eta utzitzen du, atzetik barea utziz. Beraz, gugaz badauka horrelako lotura bat galarrena batek. Bestalde, McOnaken talde kuttunak, Ume Gaiztuak, ere badaukate kanta bat
Galarrena deitzen dena eta keinu bat egin nahi izan diogu gure talde kuttunari gure diskoari euren abestiaren izena jarriz. Azkenik, denok dakigu Euskal Herrian zer gertatzen dabilen herrikoen kasuagaz, eta gure herrikoaren izena Galarrena da. Beraz, imintzio bat egin nahi izan diogu gure herrikoari».
Edizio berezia
Diskoak edizio bi ditu, bata berezia eta bestea ohikoa. Edizio bereziak hamabi kanta ditu eta besteak 11. Denak dira estudioan grabatutako kantak diskoari izena ematen diona kenduta: Galarena. «Disko guztia estudioko lan normal baten modura grabatu dugu kanta hori kenduta. Zuzenean grabatu genuen koadrillakoekin eta lagun talde bategaz inguratuta. 30 bat lagun izango ginen. Altxuneko eskaratzean afaritxoa egin eta afalostean grabazioa egin genuen. Lekua mikrofonoz bete eta zuzenean grabatu genuen danok batera joten eta kantatzen».
McOnak taldeko kideak. Argazkia: McOnak
Edizio berezia egiten duten lehen aldia da. Entzulekin hartu-eman zuzen bat sortzea dute helburu, eta horretarako zer edo zer berezia eskaini nahi zioten. «Entzuleekin lotura sortzeko, eurengana hurreratzeko, hartu-emana lortzeko». Apurka-apurka forma hartzen joan zen proiektua. «McOnaken munduagaz lotzeko, itsasoko mapa baten formako mural bat sortu dugu, eta diskoko pasarteekin lotu dugu mapa hori. Istorio bategaz lotutako zati bakoitzari CD bat dagokio. Beraz, McOnaken mural horren parte hori, diskoan kontatzen den historioaren parte hori eramango du erosle bakoitzak, eta bueltan, gure webgunearen bitartez, berak nahi duena botako digu».
David Bermudez tatuatzaile, ilustratzaile eta kartel egileak egin die mapa. Kanta bakoitzaren historia irudikatu du mapa horretan. «CDa sortu dugunean gure historia kontatu dugu eta gero historia horrek gurea izateari utzi eta entzulearena izatera pasatuko da. Bakoitzak eramango du bere partea».
Edizio bereziak 200 unitate ditu guztira. «Kutxa ere berezia da, egurrezko kaja bat, tela berezi bategaz estalita dagoena. Xerigrafia ere tinta bereziagaz egina dauka».
Esentzia bera
Talde lekeitiarraren esentzia mantentzen du disko berriak, baina soinu aldetik folkerantzako joera dela aitortu du Kemen Atxurrak. «Akordeoiak presentzi gehiago dauka lehen baino, banjoa gehitu diogu, eta gitarra elektrikoak ez dira horren erasokorrak, distortsio gutxiagogaz dagoz.
Kantuak pasarte ezberdinak kontatzen dituzte. «Urte betean pasatzen joan zaizkigun gauzen arabera sortu dira kanta batzuk, beste batzuk ostera, idazteko gogoa eduki ditugun kantak besterik ez dira».
Disko berriagaz gain, webgune berria ere estreinatuko du McOnakek. «Agenda, berriak, sareko informazioa, diskoak entzuteko aukera eta maparako lotura aurkitu ahalko dira gure webgune berrian. Bilatzaile batean bakoitzak duen alearen zenbakia sartu eta mapan markatuta agertzen da zein den zure alea, gero izena idatzi eta nahi dena kontatu daiteke. Artxibo bat sartzeko aukera ere ematen dugu. Guk gure historioa eman dogu eta erosleak hor dauka tartea nahi duena kontatzeko. Koadro zatia ilunduta geratzen da idatzi ostean, eta hurrengo datozenak irakurtzeko aukera edukiko dute».
Abenduaren 19an dute lehenengo kontzertua Altsasun, McOnakeko sei taldekideek, eta Euskal Herritik kanpora ere joko dutela aurreratu du Atxurrak, Vigora (Galizia) eta Madrilera (Espainia) joango dira. Horrez gain, Gasteiz, Arrasate, eta Igorreko kontzertuak ere lotuta dauzkate. Galarrenaren indarragaz dator berriz, MCOnak.