Jaialdira aspalditik datozen hiru bertsolari beterano eta hiru berri igoko ditu aurten Kontzesioko Bertso Jaialdiak Markina-Xemeingo frontoi nagusiko oholtza gainera. Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek ezagutzen dute jada askorentzat ezinbesteko bihurtu den bertsolaritza emanaldia, Julio Soto, Fredi Paia eta Uxue Alberdirentzat plaza berria izango da.
Andoni Egaña bertsotan, 2014ko Kontzesioko Bertso Jaialdian.
Hutsik egin barik,
abenduaren 8an, 17:30ean, punta-puntako bertsolariekin dator Amaiur elkarteak orain dela 40 urte ingurutik antolatzen duen bertso jaialdia. Euskal Herriko hiru txapeldun, eta Bizkaiko eta Nafarroako txapeldunak gonbidatu dituzte oraingoan, txapelketetatik kanpo dagoen plaza handienetakora. «Markina-Xemeinen bilduko den entzulegoa gozaraziko duten betiko hiru eta hiru berri», azpimarratu du Jose Mari Lejardi Gabixola elkarteko kideak.
Onena eta bereziena
Bertsolari guztiak ezin dituzte ekarri baina, onenen arteko sei aukeratu dituztela zehaztu du Gabixolak. «Jaialdiak entzutea hartu du eta horrek maila handiko bertsolariak ekartzea exijitzen digu». Markina-Xemeinen bertsozale amorratuak eta zalatasun gutxiago dutenak batzen direla dio Amaiur elkarteko kideak, eta guztiek gozatzeko moduko jaialdi bat antolatzea dute helburu. «Horretarako ahal den eta seikote onena eta bereziena ekartzen ahalegintzen gara».
Uxue Alberdi bertsolariaren atzetik ibili dira azken jaialdietan, baina, arazo bat edo beste, ezin izan dela etorri aitatu dute Amaiur elkartekoek. «Oso bertsolari handia dela uste dugu. Merezi du eta Markina-Xemeingo entzuleek ere bai».
2014ko jaialdia. Frontoiko harmailak jendez beteta.
Julio Soto, Fredi Paia eta Uxue Alberdi ez dira izango aurtengo berritasun bakarrak. Xabi Paia ere estreinatuko da Kontzesioko gai jartzaile modura. Talentu eta gaitasun handiko gizona dela azpimarratu dute jaialdiaren antolatzaileek, eta bertsolari guztiak ezagutzen dituenez, jaialdiari etekina aterako diola uste dute.