«Jonny Gerriwelt-eko berdinak gara, baina aldatuta gatoz»
Jonny Gerriwelt taldeagaz alderatuta, Gatz beste estilo batekoa dela adierazi dute taldeko kideek. Oraingo honetan soinu melodikoagoa izango duen punk rock estiloa landuko dute.Gatz musika talde berria sortu dute Ondarroan Josu Aranburuk (ahotsa eta gi...
Jonny Gerriwelt taldeagaz alderatuta, Gatz beste estilo batekoa dela adierazi dute taldeko kideek. Oraingo honetan soinu melodikoagoa izango duen punk rock estiloa landuko dute.
Gatz musika talde berria sortu dute Ondarroan Josu Aranburuk (ahotsa eta gitarra), Seber Uribek (baxua eta koruak), Eihar Uribek (gitarra) eta Mikel Breixok (bateria).Laukotea osatzen duten kideek hainbat urte daramate musika munduan murgilduta. Pater Noster, Eskandalo publiku, Sikofoni, Gominols, Sulfato, Ukabil, Drongeners eta beste hainbat talde ondarrutarretan jo dute, baina denak ere, Jonny Gerriwelt taldean aritutakoak dira. «Jonny Gerriwelt-eko berdinak gara, baina aldatuta gatoz», nabarmendu dute Gatz taldeko kideek.
Hain zuzen ere, Jonny Gerriwelt taldearekin alderatuta, Gatz beste estilo batekoa dela azpimarratu dute taldeko kideek. Oraingo honetan punk rock estiloko musika egingo dute, baina oro har, soinu melodikoagoa izango du, rock-and-roll-etik hurbilagoa. «Punk rocka oso zabala da, eta gure asmoa denetik jotzea izango da. Horrez gainera, ingelesez abestu ordez, euskaraz ariko gara talde berrian».
Urtebete inguru
Behin Jonny Gerriwelt taldea deseginda, Josu Aranburu eta Seber Uribe kantu berriak sortu eta entsegatzen hasi ziren orain bi urte inguru, eta handik gerora, Eihar Uribek eta Breixok ere taldera gehitzea erabaki zuten.
Urtebete inguru daramate martxan, eta laster, euren lehen diskoa grabatzen hasiko direla aurreratu dute. Urtarrilean edo otsailean hasiko dituzte grabazio lanak. «Laister hasiko ditugu grabaketa lanak. Berez, abenduan grabatzera sartzekoak ginen, baina azken orduko arazo batzuk medio, grabazioa atzeratu egin behar izan dugu, taldeko bati ebakuntza eskuan ebakuntza egin diote eta. Ibarrangelun grabatuko dugu diskoa The Uskis taldeko kideek duten estudioan. Maketa ere bertan grabatu genuen, eta gustura geratu ginenez, esperientzia errepikatzea erabaki dugu».
Grabatzeko unea ailegatu bitartean, prest dituzten kantuak Artabide kaleko oilotegian entsegatzen dihardute jo eta su, domeka arratsaldetan eta ahal duten guztietan.
Disko berrian hamabi abesti grabatzeko asmoa dute, baina gehiago sortuko dituzte zuzenekoetara begira. «Gure asmoa zuzenekoak egiten hasten garenean 16 bat kanta bat edukitzea da. Oraingoz, kantu sorta pixkanaka ari gara sortzen».
Kontzertuak udaberrian
Kantuei dagokienez, eurak sortzeaz eta musika konposatzeaz Josu Aranburu abeslaria arduratzen da. «Gitarra bat hartu eta kantei doinua ateratzen ibiltzen naiz, eta doinu horien arabera, hitzak sortzen joaten naiz gerokoan. Jonny Gerriwelt taldean ere horrela ohitu ginen, eta horrelaxe jarraitzea erabaki dugu oraingoan ere. Dagoeneko hamabi bat kanta eginda ditut, eta momentu honetan, beste hainbat ere buruan buelta-bueltaka ditut».
Oraindik ez dute kontzerturik eskaini, baina diskoa aurkeztu ostean, oholtzatik oholtzara hasteko ideia daukate, udaberri inguruan. «Areto txikietako agertokietara igotzeko gogotsu baldin bagaude ere, gure asmoa diskoa egin, eta ostean, Internet bidez bada ere, berau ezagutzera eman nahiko genuke. Modu horretara, kontzertuetara etortzen diren zaleek ezagunagoak izango dituzte abestien hitzak. Jotzeko aukera bat edo izan baditugu ere, kantuak osotuta edukitzea nahiago dugu».
Diskoa osatuko duten abestiei dagokienez, horiek Jonny Gerriwelt taldeko esentzia gordetzen dutela diote, baina beste estilo batzuetako kantuak ere badirela direla azpimarratu dute Gatzekoek. Orokorrean, taldearen zaleek denetariko kantuak aurkituko dituzte, eta tartean, balada bat ere egongo dela iragarri du Josu Aranburu kantuen sortzaileak. «Musika idazten daramaten urte guztietan, hauxe izango da nire lehenengo balada. Zutik bi deituko da, eta maketan sartu dugun Zutik kantuaren jarraipena izango da. Bizitzak emandako kolpeetatik altxatzeko kemena eman eta aurrera jarraitzeko bultzada eman dizuen horiei guztiei eskerrak emateko kantu bat da».
Aurrerapena, sarean
Aurrerapen gisa, uztailean maketa legez grabatutako lau kantuak (Inoiz ez, Etxera bidean, Sutan eta Zutik) entzungai daude taldearen bandcamp eta Facebook orrialdeetan. «Kantuek harrera ona eduki dutela esan daiteke. Izan ere, egun gutxian nahikoa erreprodukzio izan dituzte. Era berean, zaleek orain arte idatzi dizkiguten iruzkin guztiak ere onak izan dira», adierazi du Seber Uribek.
Oro har, maketan grabatu dituzten eta orain arte sortutako kantekin gustura geratu direla nabarmendu dute. «Taldea sortzea erabaki genuenean, gure asmoa punk rockaren barruan zeuden estilo guztiak ikutzea zen, baina askotan, Jonny Gerriwelteko esentzia nabaria dela esan genezake. Aurretik aritu garen taldeetan estilo gogorragoetan jo dugu, eta ezinbestean, hori igarri egiten da. Talde berriaren estilo propioaren bila gabiltza oraindik».
Aranburuk azpimarratu duenez, sentimenduak, sentipenak, gogoetak, bizitako momentuak… eta beste hainbat gauzei buruz hitz egin dute kantuek, beti ere, «kritika apur bategaz». Inoiz ez kantuak, esate baterako, taldeko kideei buruz berba egiten du. «Musika ibilbidean hainbat gorabehera eduki eta gero, hortxe jarraitzen dugu». Etxera bidean kantuan, ostera, gai nagusia herrimina da. Sutan kantuak, aldiz, gaur egungo egoera politikoari eta ekonomikoari buruz hitz egiten du. «Jendarteari kalte egiten ari diren horiek sutan ikusi nahi genituzkela dio kantuak». Kantuen sortzailearen iritziz, maketan agertzen diren kantuetatik gogorrena Zutik da. «Bizitzak ematen dizkizun kolpeen aurrean zutik mantendu beharra duela dio».