Espainiako Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusi Angel Yuste eta Puerto III espetxeko zuzendari Miguel Angel Rodriguezen aurkako salaketak jarri zituzten 100dik gora herritarrek, zapatuan, Lekeition. Espetxe erakundeetako arduradun bi horiek, Arantza Zulueta abokatua “legez kanpo bakartuta” daukatela salatzen dute.
Abuztuan Bilbon hasitako ekimenagaz aurrera jarraitzen dute Zuluetaren lagunek. 150 salaketa jarri zituzten orduan, Arantza Zuluearen lagunek Bilbora joanda, eta urrian 511 salaketa jarri ziren Donostian Zulueta eta Enparantzaren bakartzearen arduradunak salatzeko. «Ahal dugun salaketa guztiak bete eta jarri behar ditugu urte bira luzatzen ari den egoera anker honi amaiera eman behar zaiolako», azpimarratu dute.
Arantza Zuluetaren egoera salatzeko pankarta jarri dute haren lagunek Lekeitioko kioskoan.
Horrela, salaketak egiteko mahaia jarri zuten Zuluetaren lagunek zapatuan, Eskolapean, eta udalaren baimenagaz, pankarta handi bat jarri zuten Independentzia plazako kioskoan. Salaketez gain, postalak ere bete zituzten herritarrek Arantza Zulueta zoriontzeko. Atzo [abenduak 6] Arantza Zuluetaren urtebetetzea izan zen eta zorion agurren bidez «isolamendu hormak zulatu» nahi dituzte. “Topa ere egin genuen bere omenez”, aitatu dute.
Egoeraren berrikuspena
Zuluetaren lagunek jakitera eman dutenez, Espainiako Auzitegi Nazionalera eramango dute eguaztenean [abenduak 9] abokatua, daukan espetxe egoera berrikusteko. Urtarrilean bi urte beteko dira abokatua atxilotu zutenetik, eta ordutik behin-behineko espetxe zigorra betetzen ari da. Zuluetaren lagunek azaldu dutenez, ez daukate haren egoera aldatuko denaren esperantza gehiegirik.
2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zuten Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, Jose Campo, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandozekin batera, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekari taldearen aurkako operazio batean. Espetxean jarraitzen duten bakarrak Zulueta eta Enparantza dira.