Sare herritarrak antolatuta, bihar [abenduak 8] manifestazioa egingo da Durangoko kaleetan barrena.
Aske eta bizirik SOS, larriki gaixorik dauden presoak etxera! lelopean gaixotasun larriak dituzten euskal presoak “berehala” askatzeko eskatuko dute.
Manifestazioa
Durangoko Liburu eta Diska Azokatik abiatuta egingo da, 12:30ean. Manifestazioaren bidez, hain zuzen ere, gaixotasun larriak dituzten euskal presoen osasun egoera, tartean Ibon Iparragirre Burgoa ondarrutarrarena, “muturrekoa” dela salatuko dute. “Pertsona hauen bizia arriskuan dago, osasuna galtzen ari dira, kartzelako baldintza gogorren ondorioz eta, han, ezin dutelako tratamendu egokirik jaso. Gainera une latz horietan, etxekoen eta lagunen babes zein maitasunarengandik urrun daude”.
Sare herritarrak Durangoko Landako gunean egindako agerraldia. Argazkia: Sare
Biharko manifestazioagaz jendarteari presoek bizi duten egoeraren larritasunaz ohartarazi nahi diete Sareko ordezkariek. “Egoera urgentea da eta konponbiderik ezean okerrera egingo du. Gaixotasunak ez daude erritmo politiko eta batzuen zein besteen interesei begira. Giza eskubideak ideologia ororen gainetik daude eta pertsona orori dagozkigu, baita kartzelan daudenei ere”.
Euskal presoen eskubideen aldeko herritarren sarearen arabera, “kartzelak ezartzen dituen baldintzek eta tratamendu egokia jasotzeko zailtasunek larritu egiten dute egoera. Giza eskubideen adierazpen unibertsalak aitortzen digun bizitzarako eskubidea urratzen du presoak gaixorik espetxean edukitzeak”.
Sarek Durangon egindako prentsaurrekoa. Argazkia: Sare
Madrilgo eta Parisko gobernuek ezarritako oztopo guztiei “aurre egiteko”
jendartearen aktibazioa ere beharrezkoa dela ere nabarmendu dute. “Denok batera tiratuta mugituko ditugu harririk astunenak ere. Bideko oztopoak garbitu eta etxera ekarriko ditugu”.
Biharko manifestazioagaz gain, Sarek beste hainbat mobilizazio deitu ditu herriz herri; abenduaren 10ean (Giza Eskubideen Nazioarteko adierazen unibertsalaren Egunean), euskal presoen giza eskubideak urratzen direla salatuko dute.