Bazterrak kolorez astinduz, mundu grisari kolorea ematen dabiltza Markina-Xemeingo gazteak urtez urte, eta horrela erakutsi zuten Akerbeltz gaztetxearen zazpigarren urteurrenean ere. Horma-irudi erraldoi bat irudikatu zuten gazteek Plazabarripean, horma grisaren gainetik koloreak jarriz.
Gazteak horma-irudia margotzen Plazabarripean. Argazkia: Akerbeltz gaztetxea
Horixe izan zen zapatuan ospatu zuten urteurren jaialdiaren hasiera. Ia hiru orduz egon ziren gazteak Plazabarripeari jantzi berria prestatzen. Mahai bat ere jarri zuten bertan Markinako Gaste Asanbladaren eta gaztetxearen historia azaltzeko. Kartelak eta argazkiz betetako albumak izan ziren historia horren erakusgarri.
Pala txapelketa
Plazabarripearen ondoko frontoi txikian jokatzekoak ziren bai eta pala txapelketako finalak ere. 2. mailako finalistek bertan jokatzea lortu zuten, baina, lehen mailakoak, Ziortza-Bolibarrera joan behar izan ziren norgehiagoka jokatzera. Gora beherak gaindituta,
Jon Onagoitia eta Peio Urberuaga izan ziren, azkenean, lehen mailako irabazleak. Bigarren mailakoak, berriz, Juanjo Ausan eta Asier Ibarzabal.
Plazabarripetik gaztetxera igaro zen jaia, eguerdian. Mahai luzeetan jarrita,
50 gazte inguru batu ziren alkarregaz bazkaltzeko. Urtero modura, bapo-bapo bazkalduta, jolasak eduki zituzten ondoren. Hiru lau joko ezberdinetara jolastu zuten, gaztetxearen historia oinarri hartuta.
50 lagun batu ziren gaztetxean egin zen bazkarian. Argazkia: Akerbeltz Gaztetxea
Gaztetxea jasota, musika katea hartu eta kaleak girotzera abiatu ziren gazteak.
Kontzertuak
Gauean berriz ere, Akerbeltz izan zen jaiaren muina. 21:30ak aldera buelta egin zuten gazteek bertara, ogitartekoak jan eta Pornox talde lekeitiarraren eta Guri Bost taldearen kontzertuak entzuteko. Eguerdian bezala, jendez bete zen gaztetxea gauean.
Akerbeltz gaztetxea jendez beteta egon zen gauean. Argazkia: Akerbeltz Gaztetxea