Aurreko asteekin alderatuta, mugimendu gutxi egon da egunotan Ondarroako portuan. Izan ere, baxurako ontzi gehienek gelditzea erabaki dute. “Ontzi asko gelditu egin dira, eta euren jatorriko portuetara bueltatu dira. Hurrengo kanpaina hasi arte, otsailera arte edo, portuan lotuta egongo dira. Orain momentuan, ontzi gutxi geratzen dira, dozena bat inguru, bertotik arrantzan. Kantabriako ontzi gutxi batzuk, eta Zierbena eta Santurtziko batzuk besterik ez dira geratzen”.

Arrantzaleak, gaur goizean, arraina deskargatzen
Datorren astera begira, aldiz, arrantzan dabiltzan ontzi horietako ia guztiak gelditzea aurreikusten da. Arrantzan dabiltzan ontzi kopurua oso txikia dela kontutan izanda, bentan saldu den arrain kopurua ere nabarmen gutxitu da. Kofradiako arduradunen esanetan, batez ere, sardina, betandia eta berdela porturatu dituzte egunotan.
Eguaztenean [abenduak 9], esaterako, 33.000 kilo sardina saldu ziren, eta kiloa, bataz beste, 1,11 euroan saldu zen. Gaur [abenduak 10], ordea, goizeko lehen bentan saldu zen sardina, zer edo zer garestiago saldu zen. Kiloa, 2 euro eta 2,50 euroren artean saldu zen. Berdelari dagokionez, herenegun [abenduak 9] 29.000 kilo saldu ziren, eta horietatik gehiena pelikatoa izan. Kiloa, bataz beste, 73 zentimoan saldu zen.