Atzo izan zuen Arantza Zuluetak bere espetxe egoeraren berrikuspena Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta berriz ere, behin behineko kartzelaldia luzatu diotela jakitera eman dute Zuluetaren lagunek. Abokatua Extremeran (Madril, Espainia) dago momentu honetan, baina, Puerto III (Cadiz, Espainia) dauka kartzelaldia betetzeko toki modura izendatuta. Ia bi urte darama abokatuak behin-behineko espetxealdian.

Arantza Zuluetaren isolamendua salatzeko pankarta jarri zuten haren lagunek Lekeitioko kioskoan. Argazkia: Arantza Zuluetaren Lagunak
Puerto III kartzelan abokatua guztiz bakartuta daukatela salatu dute behin eta berriz Zuluetaren lagunek. 100 salaketatik gora jaso zituzten, esate baterako, azkenengoz Lekeition egindako ekitaldian.
Lekeitioko Udalak ere bere kezka azaldu du Arantza Zuluetaren egoeran aurrean.
Mozio bat onartu zuten irailaren 17an egindako Osoko Bilkuran, EAJ-PNV eta EH-Bildu udal taldeen onespenagaz. Zulueta isolamendu egoeratik atera eta bere eskubideak errespetatuak izango diren egoera berria izan dezan eskatu zuten.
Puerto III kartzelako zuzendariagaz harremanetan jarriko zirela ere adierazi zuten mozioan, “Zuluetak bizi duen egoera alda dezala eskatzeko eta onartu duen mozioaren berri emateko”. Horrela, udala lehenengo telefonoz ahalegindu dela bere kezka adierazten jakitera eman dute Zuluetaren lagunek, eta gero idatziz. “Baina ez dute ezelako erantzunik eduki”.