Lea-Artibaiko lau talde ekologistek –Ekozainek, Lea-Artibaiko Eguzkik, Mutriku Natur Taldeak eta SOS Karraspiok– Bidaurretako proiektuagaz zer egingo duen galdetu diote Markina-Xemeingo Udalari. Bidaurretako hirigintza proiektua garapen eta hiri-antolamenduaren ikuspuntutik onartezina dela diote, eta proiektu horren aurrean udalak erakutsiko duen jarrera zein izango den argitu nahi dute.

Markina-Xemeingo Bidaurreta ingurua.
Markina-Xemeingo Bidaurretako eremuan familia bakarreko 47 etxe eraikitzeko urbanizazio proiektu bat dago. 2011ko azaroaren 16ko alkate dekretuz Markina-Xemeingo udalak Bidaurretako bizitegi sektorea urbanizatzeko proiektuari hasierako onespena ematea erabaki zuen, etxebizitzak ez egiteko zegoen aukera bakarra hori zela iritzita. Horregaz batera lanen egutegia ezarri zuen, lau urteko epean amaitzeko asmoagaz.
Epe hori 2016 urteko martxoan amaitzen dela gogora ekarri dute talde ekologistek eta udalak hartuko dituen neurriak ezagutu nahi dituzte.
Presioak
Bidaurretako urbanizazio proiektua 90. hamarkadan hasi zen lurren birkalifikazioagaz. «Hogei urte baino gehiago igaro dira eta egin den lur mugimendu bakarra obra minimo bat hasteko eta eskubideak finkatzeko izan da. Etorkizunean, ahal denean, jarraitzeko asmoa omen dago, baina momentu honetan ez dakigu noiz bukatuko diren lanak, bukatzen baldin badira», diote ekologistek.
Hirigintza proiektu horren iraunaldia amaigabea den eta egoera horrek horrela jarraitzea onartuko den ala ez jakin nahi dutela zehaztu dute. «Lea-Artibaiko udaletxeak egitasmoak legeztatzeko presioak jasaten dituztela uste dugu. Egitasmo hauek ez diete biztanleriaren benetako beharrizanei erantzuten eta ingurumenarentzako kaltegarriak dira. Lehenago 500 etxebizitza egin ziren Ondarroako paduran, berdina Mendexan landa-lurren okupazioagaz eta orain, Markina-Xemeinen 48 txaleten proiektuagaz». Beraz, «eskakizun guztiak betetzea ez dela derrigorrezkoa» esan dute.
Eskaera
Funtzio publikoaren betebaharra lurraren erabilpen jasangarria ziurtatzea dela diote. «Horretarako zentzuzko hazkunde trinkoa da egokiena, ondorengo belaunaldiei ondare natural, osasuntsu eta orekatu bat uzteko». Hori dela eta, momentua heltzen denean «bere entzutea erabili eta beharrezkoak diren neurri legalak hartzea» eskatzen diote Markina-Xemeingo Udalari. «Lurrak landa lur bezala birkalifikatzeko eta proiektuaren eraikuntza ekiditeko».