Mutrikuko Mikel Deuna egoitzak azoka berezia egingo du, elikagai bankuari laguntzeko
Mutrikuko Mikel Deuna egoitzako kideek elikagai bankuari laguntzeko kanpaina berezia ipini dute martxan. Elikagai bankuko boluntarioek “pozez gainezka” hartu dute berria, eta eurek nabarmendu dutenez, egoitzako kideek “euren kabuz” hasi dute kanpaina.
Hain zuzen ere, elikagai bankua diruz laguntzea erabaki dute. Hortarako, bi ekimen egingo dira datozen egunotan, eta bertatik lortzen den diru guztia Elikagai Bankura bideratuko da. “Hau guztia, guretzako laguntza handia da. Bakoitzak ahal duen modura laguntzen du, eta hau guztia martxan ipintzea oso hunkigarria iruditu zaigu”.
Alde batetik, azoka solidarioa egingo dute egoitzan bertan. Bisitan joaten direnek, hortaz, azokan gauzak erosteko aukera izango dute. “Tailerretan egiten dituzte hainbat eskulan salgai ipini dituzte prezio sinboliko baten truke. Horrez gainera, bigarren eskuko gauzak ere salduko dira”. Bestalde, azoka solidarioaz gain, Gabonetako otzara bat ere prestatu dute egoitzako kideek, eta zozketa horretan parte hartzeko txartelak salgai daudela aurreratu dute.