Bizkaiko Triatloi Federazioak antolatuta, Bizkaiko triatloi eta duatloi zirkuituko sariak banatuko dira domekan [abenduak 13] Bilbon. Hain zuzen ere, 2015. urtean emaitzarik onenak lortu dituzten kirolariak eta taldeak sarituko dituzte.
Triatloiari dagokionez, Ondarroako
Koaxi eta Lekeitioko Garraitz taldekoek kirol gala berezian hainbat sari jasoko dituztela aurreratu dute. Taldekako sailkapenean, esaterako, denboraldi ona egin dute bi taldeek, eta aurreko postuetan ibili dira ondarrutarrak zein lekeitiarrak. Taldeka, emakumezkoen kategorian, lehen eta hirugarren saria jasoko dute Koaxik eta Garraitzek, hurrenez hurren; gizonezkoen kategorian, ostera, bigarren saria jasoko dute Garraitzekoek.

Ondarroako XIX. Triatloia. Argazkia: Koaxi
Taldeka ez eze, banaka ere hainbat sari jasoko dituzte bertoko triatletek. Emakumezkoetan sari bat baino gehiago jasoko dituzte Koaxiko neskek. Kategoria absolutuan podiuma osatzen bi ondarrutar egongo dira. Arantza Burgoak eta Nagore Eluk lehen eta hirugarren sariak jasoko dituzte, hurrenen hurren. Horrez gainera, euren mailako sari nagusia ere jasoko dute. Eluk, 23 urtez azpikoetan eta Burgoak, beterano 2 kategorian.
Gizonezkoetan, aldiz, Garraitzekoek ere hainbat sari jasoko dituzte. Ander Okamikak absolutu mailako lehen saria jasoko du, 23 urtez azpiko sariagaz batera. Horrez gain, Paul Goitiak eta Ibon Astorekak hirugarren saria jasoko dute, hurrenez hurren, kadete eta junior kategorietan.