Hamalau herri igaro ditu Ander Lipusek bere azken lana etxera ekarri aurretik. Etzi [abenduak 13],
Markina-Xemeingo frontoian aurkeztuko du aktore eta zuzendari markina-xemeindarrak
Etxekoak.
19:00etan hasiko da emanaldia.
‘Etxekoak’ antzezlanaren irudia. Argazkia: ArteDrama
Huts Teatroaren eta ArteDramaren bigarren obra da
Etxekoak. Aurretik, Xabier Mendigurenek idatzitako
Publikoari Gorroto egin zuten, eta orain,
Jon Gerediagaren obra berriagaz dabiltza Euskal Herri osoan biran.
Lau dira pertsonaia nagusiak: Maddi, neska gazte euskalduna, Mamadourekin maiteminduta dagoena; Goio, Maddiren osaba tentela; Imanol, Goioren anaia eta Maddiren osaba, eta amama, Maddiren amama, Goio eta Imanolen ama.
Ander Lipus bera,
Maika Etxekopar,
Kristiane Etxaluz, eta
Javier Barandiaran dira pertsonaia horiei bizitasuna emango dieten
aktoreak.
Kritika ezkutua
Maddiren istorioa kontatzen du antzezlanak. Afrikan egonaldia eginda, etxera itzultzen da Maddi eta etxera heltzean Mamadougaz maitemindu dela kontatzen die bere amamari eta bere osaba biei. Gainera, Mamadou Afrikatik ekarri behar duela azaltzen die. Hor hasten da historia guztia.
Istorio beraren aurrean bi ikuspegi kontrajarri erakusten ditu antzezlanak, Maddiren osaba bien jarrerekin kaleratzen direnak. Alde batetik, Imanolen ondo egin nahia eta legeak errespetatu beharra azalerazten dute, buruaren nagusitasuna. Bestetik, Goio osaba tentelaren jarrera, bihotzetik berba egiten duen pertsonaia.
Bi dira antzezlana deskribatzeko erabili dituzten esaldiak: «Ezin da edonor etxean sartu. Hala dio legeak», eta «Maddik Mamadou maite du. Halaxe dio bihotzak».Oinarrian maitasun istorio bat denak, beraz, kritika sozial bat ere kaleratzen du eta burokraziak eta administrazioak jartzen dituen oztopoak bistaratzen ditu. Horrez gain, etorkinak zelan ikusten diren ere aditzera ematen nahi izan du Ander Lipusek.