Orain 30 urte sortu zen Ondarroako Artibai Judo taldea. Hain zuzen ere, 1985ean kiroldegia estreinatzeagaz batera hasi zen abian kirol taldea. Garai haietan,
Debako judo taldean hainbat ondarrutar batzen zinen, eta haien ekimenari esker sortu zen talde berria ere. «Debako ikastolan batzen ginen asko, eta kiroldegia zabaldu zutenean, bertan entrenatzen hasi, eta kluba sortzea erabaki genuen», gogoratu du
Sekun Badiola Artibai judo taldeko presidenteak.
Artibai Judo Taldeko kideak, entrenatzen.
Luis Ferreño hasi zen Ondarroako lehen talde hura entrenatzen, eta orduz geroztik, behar horretan jarraitzen du.
Taldea martxan hasi orduko, herritarren artean harrera ona eta sekulako arrakasta izan zuen, batez ere, herriko umeen artean. 80 bat pertsona batzen ziren astero judoa ikasi eta entrenatzen.
Orain, ordea, zer edo zer gutxiago baldin badira ere, talde handia izaten jarraitzen du klubak. «Hainbat gorabehera izan ditugu, baina hor mantentzea lortu dugu, urtero 60 bat kide batuz. Egun, 40 bat ume eta 18 bat heldu izango gara. Gure pozik handiena 30 urte eta gero aurrera jarraitzen dugula ikustea da. Gorabeherak gorabehera, talde moduan jarraitzen dugu, eta oraindik ere jende asko batzen gara».
Sekun Badiolaren iritziz, ostera, neska kopurua oso txikia da. «Umeen artean badaude neskak, baina, gerokoan, kopurua nabarmen gutxitzen da. Nerabezaro garaian, beti gauza bera gertatu ohi da. Lehen ere gutxi egoten ziren, baina, egun, lehiatzen ari diren gazteen artean ez dago emakume batik, eta hori indartu nahiko genuke».
Bi belaunaldi
Urte guzti hauetan ehunka judoka pasa dira kiroldegiko tatamitik, eta horietako asko orain aste batzuk Beikozini aretoan egindako topaketan batu ziren. Taldeko entrenatzaileak eta presidenteak nabarmendu dutenez, horiek guztiekin batzea «oso pozgarria» izan zen. «Taldekide askok gazte sasoian taldea uzten dute, eta haiek berriro ikustea zeharo hunkigarria izan da», dio Ferreñok.
Ferreño: “Taldekide askok gazte sasoian taldea uzten dute, eta haiek berriro ikustea zeharo hunkigarria izan da”
Kide askok taldea neraberazoan uzten badute ere, horien artean badira taldean jarraitzea erabakitzen dutenak ere. Jon Lasarte, esate baterako, ume-umetan hasi zen. Judoa oso gustuko du, eta energia gastatzeko ona dela dio. Gerriko beltza du, eta, iaz,
Espainiako txapelketarako ere sailkatu zen. Udan, gainera, judoa irakasteko titulua lortu du. «Orain ikasten ari naiz, eta ez dut askorako astirik, baina etorkizunean hemen ikasitako guztia beste batzuei irakasteko asmoa daukat».
Artibai Judo Taldeko kideak.
Karmele Lopezek entrenatzen jarraitzen ez badu ere, harreman estua mantentzen du taldeagaz; egun, judoa irakasten die Txomin Agirreko eskolaz kanpoko 3 urtetik 8ra bitarteko ikasleei. Judoa diziplina handia eskatzen duen kirola dela azpimarratu du. «Taldean egin nituen urteetan, diziplinaz gain, errespetuaren garrantziaz jabetzeko astia izan nuen».
Taldeko beteranoen artean emakume bakarra da
Marimar Burgoa. Bere iritziz, judoka helduen artean emakume gutxi dago. «Adin batera ailegatu orduko, emakume gutxi ikusten da klubean entrenatzen. Taldea utzi egiten dute». Kluba sortu zenez geroztik bertan aritu da entrenatzen. Iaz, ordea, taldea utzi egin behar izan zuen. «Urte guzti hauetako oso oroitzapen onak gordetzen ditut, eta ahal baldin badut, berriro bueltatuko naiz».
Marimar Burgoa taldeko emakume bakarra zen eta iaz utzi zuen kluba; taldea sortu zenetik bertan entrenatu du, iaz arte. Judoka helduen artean emakume gutxi dagoela dio. Oroitzapen onak gordetzen dituela dio eta berriro bueltatuko dela gaineratu du
Hainbeste urte irakasten aritu ostean, gainera, familia bereko belaunaldi bat baino gehiago izan ditu Ferreñok ikasle. Orain 30 urte entrenatzen hasi ziren ume haien seme-alaba askok judo egitea aukeratu dute. «Kasu bat baino gehiagotan, aita eta semea batera dabiltza taldean entrenatzen. Hori guztia oso pozgarria da guretzat, egiten dugun jarduerak jarraipena duelako».
Maila onean
Denbora tarte honetan hainbat topaketa eta lehiaketetan parte hartu dute Artibaikoek. Taldeka eta banaka, euskal tituluak lortu dituzte, eta tartean, Espainiako txapelak jantzi eta Europa mailan lehiatzeko aukera ere izan dute onenek.
Horrez guztiaz gainera, beste talde batzuekin harreman sendoa daukate.
Esperientziak elkarbanatu eta metodologia aldetik ikasteko ondo datozela azpimarratu dute klubeko arduradunek. Elkartrukeak egin ohi dituzte beste talde batzuekin, eta azken urteotan Paueko (Frantzia) taldeagaz harremanak sendotu dituzte. «Munduko mailarik onenetako taldeak daude Frantzian, eta beste liga batzuetan lehiatzen ari direnekin hartu-emanetan jartzea oso aberasgarria da».
ADIERAZPENAK:
Karmele Lopez
Karmele Lopez (judo irakaslea eta ikasle ohia): “Diziplinaz gain, errespetuaren garrantziaz jabetzeko astia izan nuen”
Sekun Badiola
Sekun Badiola (elkarteko presidentea): “Gure pozik handiena 30 urte eta gero aurrera jarraitzen dugula ikustea da”
Marimar Burgoa
Marimar Burgoa (ikasle beteranoa): “Adin batera ailegatu orduko, emakume gutxi ikusten da klubean entrenatzen”
Jon Lasarte
Jon Lasarte (ikaslea): “Etorkizunean hemen ikasitako guztia beste batzuei irakasteko asmoa daukat”
Luis Ferreño
Luis Ferreño (irakaslea): “Kasu bat baino gehiagotan aita eta semea batera dabiltza taldean entrenatzen”