Ondarroako lonja berriaren proiektua aurkeztu eta haren inguruko kezkak argitu zituzten proiektuaren arduradunek atzo [abenduak 10]. Bertan izan ziren
Iñaki Aurrekoetxea proiektuaz arduratu den arkitektu taldeko burua, Amudena Ruiz de Angulo
Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendaria eta Leandro Azkue Arrantza eta Akuikultura zuzendaria. Eurekin batera, Josu Arrizabalaga Ondarroako alkatea ere egon zen azalpenak ematen.
Kofradia Zaharra jendez bete-beteta egon zen; izan ere, 40 urte inguru lonja berria egiteko eskatzen aritu ostean, gaiak interes handia biztu du herritarren artean. Ondarroako bizilagunek hainbat galdera egin zituzten, eta horiek argitzen saiatu ziren mahaian jarritako guztiak.
Josu Arrizabalaga eta Iñaki Aurrekoetxea azalpenak ematen
Iñaki Aurrekoetxea arkitektuak, esaterako, proiektuaren inguruko hainbat azalpen tekniko eman zituen. Besteak beste, lonja berriaren solairu bakoitzean zer zerbitzu emango den aurkeztu, eta obrak zenbat fasetan eta horietan egingo dena azaldu zituen. Josu Arrizabalaga alkateak gogorarazi zuenez, gainera, proiektua herritarren eskura dago. Nahi duenak, Kantoipe kaleko bulegoetan ipinitako monitorean ikusteko aukera izango du.
Beharrezkoa
Leandro Azkueren iritziz, Ondarroa moduko herri arrantzale batentzat proeiktua “beharrezkoa” da. “Gure ustez, ez du zentzurik orain dagoen modura jarraitzea. Euskal Heriran ditugun beste portu batzuekin alderatuta, bertan arraina deskargatzeko erabiltzen den espazioa ez da oso erosoa. Ondarroan oraindik ere alturako nahikoa ontzi daude eta nahikoa baxurako ontzik deskargatzen dute bertan. Lan hori Europatik eskatzen diren neurrien barruan egiteko, ordea, lonja berri bat eraikitzea beharrezkoa dela deritzogu”.
Ezkerretik eskumara: Leandro Azkue, Almudena Ruiz de Angulo, Josu Arrizabalaga eta Iñaki Aurrekoetxea atzo egindako aurkezpenean
Almudena Ruiz de Angulo sailburua ere Azkuek esandakoagaz bat etorri zen. “Ondarroako biztanleriaren %34 arrantza sektoretik bizi dela kontuan izanda, lonja berri bat bertan eraikitzea garrantzitsua iruditu zaigu. Ondarroako portua arrain freskoa deskargatzen duen kantauri kostaldeko porturik garrantzitsuena dela kontutan hartuta, proiektuaren aldeko apustua egitea erabaki dugu”.
Ruiz de Angulok aurreratu zuenez, gainera, lanek
20 milioi euro inguruko aurrekontua izango dute eta 2016 urteko udazkenean hasiko lirateke. “Proiektuaren inguruan hainbat gauza zehazteko daude, eta horrez gainera, hainbat eginbide onartu behar dira. Lanak ahalik eta azkarren hasten saiatuko gara, baina gure kalkuluen arabera, 2016ko udazkenera ezingo dugu lanean hasi”.
Almudena Ruiz de Angulo
Lanen epeari dagokionez, hiru urtez luzatuko direla aurreikusten da. Sailburuak azpimarratu zuenez, lanek irauten duten bitartean, portuan egiten den jardueran ahalik eta gutxin eragin nahi dute. “Lanak, berez, merkeago eta azkarrago egin ahal izango lirateke, urtebete inguruan, baina portuko jarduera ahalik eta gutxien oztopatu nahi dugunez, horiek hiru urtera luzatuko dira. Gure nahirik handiena arrantza ez oztopatzea, eta hori horrela izan dadin lanean jarraituko dugu”.
Aparkaleku eskasia
Herriak aparkaleku eskasia duela eta, herritarrak kexu eta kezkatuta agertu ziren, eta horren inguruko galdera ere egin zuten. Almudena Ruiz de Angulok erantzudakoaren arabera, proiektuan bertan aparkalekuak egitea aztertu ondoren, horiek ez egitea erabaki dute, kostu ekonomikok handiagatik. Bestalde, lonja amaitzean, aparkaleku eskasia nola konpondu ere aztertzen hasiko dela adierazi zuen.
Alkateak gogorarazi zuenez, portuko hesiak atzera bueltatzea berebizikoa ikusten dute aparkalekuak eta beste zenbait espazio hantxe egin ahal izateko. Hortarako, baina, Eusko Jaurlaritzaren baimena beharko dutela nabarmendu zuen Arrizabalagak.