Atzo [abenduak 13], 2015 urteko Bizkaiko triatloi eta duatloi zirkuituko sariak banatu zituzten Bizkaiko Triatloi Federazioko ordezkariek. Hainbat talde eta banako saritu zituzten, eta Lekeitioko Garraitz eta Ondarroako
Koaxi triatloi taldeko kideek sari bat baino gehiago eskuratu zituzten, urte guztian egindako lan onagatik.
Emakumezkoetan, kategoria absolutuan, lehen hiru sarituen artean bi ondarrutar izan ziren. Koaxiko Arantza Burgoak jaso zuen sari nagusia eta Nagore Eluk, ostera, hirugarren saria jaso zuen. Baina, ez zen jaso zuten sari bakarra izan; Burgoak eta Eluk euren kategorietan, beteranoetan eta 23 urtez azpikoetan, hurrenez hurren, lehen sailkatuak izan ziren.

Arantza Burgoa (erdian) eta Nagore Elu (eskuman) kategoria absolutuko dominak jasotzen. Argazkia: Koaxi
Burgoak eta Eluk pozez gainezka jaso zuten urteko triatleta bizkaitar onenaren domina. Bakarkako sariez gain, zirkuituko talde onenaren saria ere jaso zuten Koaxiko neskek. Eurekin batera, podiuma osatzen Garraitzeko neskak egon ziren, hirugarren postuan. Horrez gainera, Garraitzekoek taldekako sailkapenean bigarren sari bat ere jaso zuten; gizonezkoen kategorian bigarren geratu ziren.
Bestalde, bakarka ere hainbat sari jaso zituzten Garraitzeko mutilek. Kategoria absolutuan, Ander Okamikak jaso zuen sari nagusia, eta bere kategorian ere, 23 urtez azpikoetan, lehen saria lortu zuen.

Koaxiko eta Garraitzeko hainbat triatleta saria jaso ostean. Argazkia: Koaxi
Horrez gain, Paul Goitiak eta Ibon Astorekak hirugarren saria jaso zuten, hurrenez hurren, kadete eta junior kategorietan.