Ondarroako lonja berriaren lanak 2016ko udazkenean hasiko dira
Lanek 20 milioi euroko aurrekontua izango dute eta hiru bat urtez luzatuko dira. Portuko jarduerari ahalik eta gutxien eragin nahi da, lanek irauten duten bitarteanAmudena Ruiz de Angulo Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak proiektuaren...
Lanek 20 milioi euroko aurrekontua izango dute eta hiru bat urtez luzatuko dira. Portuko jarduerari ahalik eta gutxien eragin nahi da, lanek irauten duten bitartean
Amudena Ruiz de Angulo Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak proiektuaren aurkezpenean aurreratu zuenez, lonja berriaren lanak 2016ko udazkenean hastea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak. Ruiz de Angulok gaineratu zuenez, lanek 20 milioi euro inguruko aurrekontua izango dute. «Proiektuaren inguruan hainbat gauza zehazteko daude, eta horrez gainera, hainbat eginbide onartu behar dira. Lanak ahalik eta azkarren hasten saiatuko gara, baina gure kalkuluen arabera, 2016ko udazkenera arte ezingo dugu lanean hasi».Lanen epeari dagokionez, hiru urtez luzatuko direla aurreikusten da. Sailburuak azpimarratu zuenez, lanek irauten duten bitartean, portuan egiten den jardueran ahalik eta gutxien eragin nahi da. «Lanak, berez, merkeago eta azkarrago egin ahal izango lirateke, urtebete inguruan, baina portuko jarduera ahalik eta gutxien oztopatu nahi dugunez, horiek hiru urtera luzatuko dira».
Beharrezkoa
Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariaren iritziz, Ondarroa moduko herri arrantzale batentzat proeiktua «beharrezkoa» da. «Gure ustez, ez du zentzurik orain dagoen modura jarraitzea. Euskal Herrian ditugun beste portu batzuekin alderatuta, bertan arraina deskargatzeko erabiltzen den espazioa ez da oso erosoa. Ondarroan oraindik ere alturako nahikoa ontzi daude eta baxurako nahikoa ontzik deskargatzen dute bertan. Lan hori Europatik eskatzen diren neurrien barruan egiteko, ordea, lonja berri bat eraikitzea beharrezkoa dela deritzogu».
Almudena Ruiz de Angulo sailburua ere Azkuek esandakoagaz bat etorri zen. «Ondarroako biztanleriaren %34 arrantza sektoretik bizi dela kontuan izanda, lonja berri bat bertan eraikitzea garrantzitsua iruditu zaigu. Ondarroako portua arrain freskoa deskargatzen duen kantauri kostaldeko porturik garrantzitsuena dela kontutan hartuta, proiektuaren aldeko apustua egitea erabaki dugu».
Udaletxean ikusgai
40 urte inguru lonja berria egiteko eskatzen aritu ostean, gaiak interes handia biztu du herritarren artean, eta aurkezpenean jendez bete-bete egin zen Kofradia Zaharreko aretoa. Ondarroako bizilagunek hainbat galdera egin zituzten, eta horiek argitzen saiatu ziren proiektuaren arduradunak.
Proiektuaz arduratu den Iñaki Aurrekoetxea arkitektuak, esaterako, lonjaren inguruko hainbat azalpen tekniko eman zituen. Besteak beste, lonja berriaren solairu bakoitzean zer zerbitzu emango den aurkeztu, eta obrak zenbat fasetan eta horietan egingo dena azaldu zituen.
Alkateak gogorarazi zuenez, proiektua herritarren eskura dago. Nahi duenak, Kantoipeko udal bulegoetan ipinitako monitorean ikusteko aukera izango du.
Herriak aparkaleku eskasia duela eta, herritarrak kezkatuta agertu ziren. Ruiz de Angulok erantzudakoaren arabera, lonja berrian aparkalekuak egitea aztertu ondoren, horiek ez egitea erabaki da, kostu ekonomiko handiagatik. Lonja amaitzean aparkaleku eskasia nola konpondu aztertzen hasiko direla adierazi zuen.
Alkateak gogorarazi zuenez, portuko hesiak atzerago jartzea berebizikoa da, aparkalekuak eta beste zenbait espazio hantxe egin ahal izateko. Hortarako, baina, Eusko Jaurlaritzaren baimena beharko dutela nabarmendu zuen Arrizabalagak.