Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatzen duen Ezker hormako Gipuzkoako Elkarteen arteko txapelketaren finala jokatuko dute Mutrikuko
Danok Bat Pelotazale Elkarteko kideek. Zehatz esanda,
Ekaitz Mendizabal eta Mikel Mantzisidor gazteek, 2. mailako txapelketako finala jokatuko dute zapatuan [abenduak 19], 16:30ean, Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan.
Gazte mailako jokalariak baldin badira ere, 2. mailari ondo egokitu dira mutrikuarrak. Txapelketa osoa partida bat bere ere galdu gabe daude Danok Batekoak, eta gogotsu daude maila nagusiko finala jokatzeko. Aurkari gogorrak izango dituzte finalean: Etxabe eta Segurola zumaiarrak. Zumaiarrak ere, partida bat bera ere galdu gabe iritsi dira azken txanpara, eta finala oso lehiatua izatea aurreikusten da.
Danok Bateko alebinak –izkinetan– Udazken txapelketan parte hartzen. Argazkia: Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa
Bestalde, asteburuan beste final handi bat ere jokatuko dute Danok Bateko puntistek.
Eñaut Urreisti eta Mañex Ansola alebin mailako jokalariek Udazkena Sariko finalak jokatuko dituzte bihar [abenduak 18], 20:00etan, Tolosako Beotibar pilotalekuan.
Norgehiagoka Zumaiako Gonzaloren eta Egañaren aurka jokatuko dute, bi jokotara. Berdinketa emanez gero, hirugarren jokoa jokatuko litzateke, bost tantora.
Mutrikuko Piker Txapelketako finalistak. Argazkia: Danok Bat Pelotazale Elkartea
Zesta-puntako partidez gain, Mutrikuko Pala Txapelketa herrikoiaren finalak ere jokatuko dira asteburuan. Zapatuan [abenduak 19], 19:00etan, hasiko da 2. mailako finala Miruaitz pilotaleku berrituan, eta ondoren, jokatuko da lehen mailakoa. Partida guztiak 30 tantora jokatuko dira.
2. mailako finalean Enetz eta Unai ondarrutarrek, Zumaiako Josuren eta Juanen aurka jokatuko dute. 1. mailako finalistak, aldiz, erabakitzear daude. Bihar [abenduak 18] iluntzean erabakiko da Soraluzeko Gallas eta Pontxiren aurka ze bikotek jokatuko duen: finalerako txartela lortzeko partida Mutrikuko Igorrek eta Xabik Berriatuko Belarriren eta Txusen aurka jokatuko dute.