Kantxa zerbitzua eta erretiratuen kafetegia adjudikatu ditu udalak
Beren-beregi bildutako kontratazio mahaiak hala proposatuta, pilotalekuko kantxa zerbitzua kudeatzeko kontratua Santi Olabe Meabesterretxeari esleitzea erabaki du Markina-Xemeingo Udalak, alkate dekretuz. Erretiratuen egoitzako taberna-kafetegia, besta...
Iraupena
Udal Pilotalekuko kantxa zerbitzuaren kudeaketak lau urteko iraupena izango du, eta beste bi urtez luzatu ahal izango da, alde biek adostasuna adieraziz gero. Kantxazainaren ardura pilotalekua zaindu, garbitu eta mantendu eta erabilera orduak antolatzea izango dela jakitera eman du udalak.
Horrez gain herriko pilota eskolekin elkarlanean jardun beharko du, eta frontoira hurreratzen diren turista zein interesdunak atenditu beharko ditu. «Kudeaketa guztia, beraz, bere gain hartuko du kantxazainak, hala ere, ordutegia beharrizanen araberakoa izatea bermatu beharko du», azaldu du Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak.
Bi urteko epea
Bestalde, erretiratuen egoitzako kafetegiaren kontratua bi urtekoa dela zehaztu du alkateak, kontratua gauzatu eta biharamunetik hasita. Epea baina, berariaz luzatu daiteke, klausula berberekin, urtero, alderdiak ados badaude, bi urtez. Edozelan ere, kontratuaren iraunaldia, guztira, luzatzeak barne, ezin izango da lau urte baino harago joan.
Santi Olabek zein Amaia Ezenarrok urtarrilean hartuko dute pilotalekuaren eta erretiratuen egoitzaren ardura.