Kosnoaga, igeriketa teknikak irakatsi eta barneratzen
Azken urteetan talde sendo bat egitea lortu dute Kosnoaga igeriketa taldean. Gaur egun 80 bat ume ari dira bertan. Eskolartekoen eta federatuen taldeez gain, mantenimentu eta ezintasunen bat dutenen pertsonen taldeak dituzte.Gaur egun 80 umetik gora da...
Azken urteetan talde sendo bat egitea lortu dute Kosnoaga igeriketa taldean. Gaur egun 80 bat ume ari dira bertan. Eskolartekoen eta federatuen taldeez gain, mantenimentu eta ezintasunen bat dutenen pertsonen taldeak dituzte.
Gaur egun 80 umetik gora daude Gernika-Lumoko Kosnoaga igeriketa taldean. Eskolarteko lehiaketetan eta federazioaren txapelketetan lehiatzen dira, baina, taldearen helburua partaideek igeriketa teknikak barneratzea da. «Helburua igerian ondo ikastea da, teknika lantzea», zehaztu dute Kosnoagako kideek.Azken urteetan talde sendoa egitea lortu dute, eta nabarmendu dutenez, igerilari on asko daude herrian. «Jende asko dabil igerian, eta ia ez dugu lekurik; igerilekua txiki geratzen zaigu, eta talde batzuei orduak murriztu zaizkie horregatik».
Eskolarteko txapelketetan aritzen dira, eta hamabi urtetik aurrera federatuta lehiatzen dira. Baina, txapelketatik kanpo aritzen diren taldeak ere badira Kosnoagan, esaterako mantenimentu taldea eta ezintasunen bat dutenena.
Igerian ondo ikasten
«Interesagarria da herriak ere jakitea badagoela talde sendo bat. Talde nagusiena eskolartekoa da. Zazpi urterekin hasten dira taldean, eta lehen urtean ez dute eskolarteko lehian konpetitzen, zortzi urtegaz hasten dira lehiatzen», azaldu dute Kosnoagakoek.
Emaitza aldetik Bizkaia mailan azkenengo urteetan lehenego bosten artean ibili dira, eta baita Euskadiko txapelketetan parte hartzen eta dominak irabazten ere.
Baina, Kosnoaga taldeko kideek txapelketetako emaitzei baino, igerian ondo ikasteari ematen diete garrantzia: «Umeak ez doaz konpetitzera, ikastera doaz. Talde moduan ez diogu garrantziarik ematen lehiatzeari, umeek ere ikusteko hori ez dela garrantzitsuena. Entrenatzaileek ere hori azpimarratzen diete, garrantzitsuena igeri egiten ondo ikastea dela azalduz».
Aurreko zapatuan izan zuten Santanape udal kiroldegian eskolarteko bigarren jardunaldia, eta taldeko igerilariek emaitza onak eskuratu zituzten. «Jendetza batu ginen, umeez gain, beste 100 bat ikusle egon ziren». Eskolarteko probak ikasturte osoan zehar edukitzen dituzte, eta Gernika-Lumon gutxienez pare bat jardunaldi egiten dituzte. Hurrengo txapelketa hilaren 27an daukate, Santurtzin.
Udalerriko beste kirol taldeen moduan, herriko ume eta gaztetxoei irakasten lan handia egiten dute, baina, haien ustez beste kirol mota batzuekin alderatuta, askorentzat ezezaguna da haien jarduna: «Igerileku barruan egiten den jarduera bat da, eta ia ez du inork ikusten, bakarrik espreski hara doanak. Esaterako, Urbietatik pasatuz gero ikusi ahal duzu errugbia edo futbola, eta hau apur bat izkutuan geratzen da».