2011ko hauteskundeetan baino jende gehiago joan da bozkatzera. Eguerdian bezala, arratsaldean ere parte hartzea orain lau urte baino handiagoa izan da Bizkai, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroan. Espainiako Estatuan hamarren batzuk igo da. Lea-Artibai eta Mutrikun ere asko izan dira botoa ematera joan diren herritarrak, batez ere eguerdian.
Mutrikun, esaterako, 16:00etarako ia %50ak botoa emanda zeukan. Hori bai, hautes-mahaietako kideek jakitera eman dutenez, “jende nagusia izan da gehiengoa”.
Lekeition ere parte hartzea “handia” ari dela izaten esan dute hautesmahaietako ordezkariek. 13:00ak aldera, adibidez, ilarak sortu dira kultur etxeko hautes-mahaietan. Hantxe eman du botoa
Jose Maria Kazalis EAJren senaturako Bizkaiko hautagaiak; Ludotekako 5. mahaian egokitu zaio boza ematea, eta 13:15 inguruan egin ahal izan du, “ilara luzean egon ostean”. Gertaera bat ere izan da bertan: mahai horretako presidenteak azalpenak eskatu dizkio
Lea-Artibai eta Mutrikuko HITZAko kazetari bati, eta han argazkirik ez ateratzeko esan dio. Kazetariak bere lana askatasun osoz egin ahal duela erantzun dio, hauteslekuak publikoak izanik.
Ondarroan, esate baterako, 15:00etan, ia hautesleen erdiak zeukaten botoa emanda Iturribarriko hauteslekuetan. Ondarroan eman du, hain zuzen ere, botoa
Maria Dolores Etxano EAJren senaturako Bizkaiko hautagaiak. 11:05ean izan da Udal Erakusketa Aretoko lehen mahaian.
Markina-Xemeinen aldaketa batzuk egin dituzte Uni fronotiko hauteslekuan; aurreko hauteskundeetan baino mahai gutxiago ipini dituzte gaurkoan, eta lauki itxuran jarri dituzte, gainera, “herritarrei botoa errazteko”.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Argazkian, herritar bat, Mutrikun botoa ematen.
*Espainiako Kongresuan 23 ordezkari dagozkio Euskal Herriari: Bizkaiari zortzi, Gipuzkoari sei, Nafarroari bost eta Arabari lau. Senaturako launa ordezkari dagozkio probintzia bakoitzari.
*Eguerdira arte Gipuzkoan igo da gehien parte hartzea eta 18:00ak arte Araban igo da gehien. Hiru eta lau puntu bitartean igo da lau lurraldeetan. Hona hemen 18:00etako parte hartze datuak:
-Nafarroa %58,81 (2011n, %55,82)
-Araba %57,48 (2011n %53,51)
-Gipuzkoa %57,80 (2011n %54,63)
-Bizkaia %60,10 (2011n %57,65)