EAJren diputatu jarraituko du
Joseba Agirretxea ondarrutarrak. Gipuzkoako zerrendaburua Kongresuan egongo da beste lau urtez. EAJk ordezkari bat gehiago izango dute Madrilen. 6 lortu dituzte.
Bost eserleku galdu ditu EH Bilduk Espainiako Kongresuan. Bizkaikoa, baina, mantendu egingo du.
Onintza Enbeita muxikarra izango da ordezkaria Madrilen, Gipuzkoako buru Marian Beitialarrangoitiagaz batera.
Jendea botua ematen Ondarroako Kalapitxiko hauteslekuan.
Euskal Herriaren aldeko lana egingo duela azaldu dio muxikarrak Hitzari, eta hurrengo lau urteetarako erronkak mantenduko dituela esan du: «Kanpainan esan dugu Madrilera erabakitzeko eskubidea daramagula, eta hemendik erabaki behar ditugula Euskal Herriari dagozkion gai denak». Hala ere, emaitzen aurrean berrausnarketa bat egin beharko dutela onartu du, «zertara goazen eta gure ekarpena Madrilen zein izango den zehazteko».
Senatua
Sei ordezkari izango ditu EAJk Senatuan ere: Bizkaiko hiru eta Gipuzkoako hiru ordezkari.
Jose Maria Kazalis lekeitiarrak lortu ditu boto gehien, eta, beraz, senatari jarraituko du Madrilen. Oraingoan, gainera,
Maria Dolores Etxano ondarrutarra izango du, estreinako, ondoan, bera ere Bizkaiko hautagai. Euskadiren ahotsa izango direla Madrilen nabarmendu du Lekeitioko senatariak; «bai eta Lea-Artibaikoa ere».
Hauteskunde gaua, Sabin Etxean. Argazkia: EAJ
Gorteetarako hauteskundeetako emaitzek panorama interesgarria utzi dutela uste du Kazalisek. «Madrilgo Gobernuan ez duelako alderdi bakar batek ere gehiengo osorik lortu, ezta agertzen ziren bi blokeetako batek ere». Eta horrek akordioetara heltzera derrigortuko dituela dio, agintaldi egonkorra lortu nahi badute. «Behin baino gehiagotan aipatu dudanez, Estatuan ez dute heldutasun demokratikorik, ohiturarik ez dutelako: monarkia absolutista izan dute urteetan, diktadura pare bat, eta, demokrazia sasoia deitzen duten horretan, jokabide zapaltzailez aritu diren gehiengo osoak».
Botoak zenbatzen Markina-Xemeinen.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoan estatuko komunikabideek alderdi politikoei emandako tratu desorekatuak eragina izan du emaitzetan, lekeitiarraren iritziz, «aurreikusten zen bezala, abertzaleen kalterako». Ahal Duguk izan duen sarrera indartsua ez zuela inork aurreikusten dio. «Erkidegoan boto gehien lortu ditu, eta harritzekoa da zelako emaitzak lortu dituen Ondarroa edo Lekeitio moduko herrietan, 622 eta 551 botogaz, hurrenez hurren».
Lekeitiarrarentzat deigarria izan da, baita ere, identitate propioa duten lurraldeetan izan duen harrera ona. «Euskadin eta Katalunian Iglesiasek zuzentzen duen alderdiak irabazi du, beste arrazoi batzuen artean, erabakitze eskubidearen alde erakutsi duen jarreraz baliatuta, nahiz eta bere parametroak Espainia barruan jartzen dituen».
EAJ bost diputatutik seira igo da, hala ere, «tsunami» berriari eutsiz. «Askotan esan dudan legez, gure kostako labar ederrak ez dituzte tsunamiek osatu, eguneroko olatu etengabeek baino; eguneroko lanak». Bestalde, EH Bilduk zazpitik bost diputatu galdu izan arren, irakurketak ez direla nahastu behar uste du jeltzaleak. «Hauteskunde bakoitzak klabe desberdinean erabakitzen dira, eta, orokorretan, Estatukoek boto asko metatu ohi dute: bai presidentea aukeratzeko hauteskundeak bezala hartu ohi direlako, bai telebisten aniztasun gabeko lanagatik».
Senatuari dagokionez, Alderdi Popularrak gehiengo nagusia mantendu duen arren, Kongresuko orekak negoziaziorako aukera emango duela ikusten du.
Ardura politiko berria arduratsu hartuko duela eta erronka politiko berriari ekiteko gogotsu dagoela nabarmendu du Maria Dolores Etxano ondarrutarrak. «Senatuko ordezkaritza berrian ekiteko gogotsu nago» esan dio Hitzari. Domeka gauean Sabin Etxean jaso zituen emaitzen inguruko datuak, eta pozik jaso du berria. XI. Legealdia hasiko du laister Kazalis eta Ahedogaz batera. Kazalisek errepikatu egingo du, baina Ahedok eta Etxanok, Iñaki Anasagasti eta Rut Martinez ordezkatuko dituzte senatuan.
Abstentzio handia
Parte hartzeari dagokionez, berriz, 2011ko hauteskundeekin alderatuta, abstentzioa
ia bost puntutan igo da Lea-Artibai eta Mutrikun, 2011n %26,69koa izatetik %31 izatera helduz. Markina-Xemeinen, esate baterako, abstentzioa %37 ingurukoa izan da, denetan altuena, eta %35 ingurukoa Ondarroan eta Mutrikun. Aulestin ere abstentzio maila handia egon da; azken horretan %36,80ra ailegatu da.