Ahal Duguk eman du ezustekoa
Indarrez sartu da Pablo Iglesiasen alderdia, EH Bilduren kalterako. Lea-Artibai eta Mutrikun EH Bildu izan da lehen indarra, eta Busturialdean Eusko Alderdi JeltzaleaAhal Dugu alderdiak eman du ezustea Espainiako Gorteetarako hauteskunde orokorretan. L...
Indarrez sartu da Pablo Iglesiasen alderdia, EH Bilduren kalterako. Lea-Artibai eta Mutrikun EH Bildu izan da lehen indarra, eta Busturialdean Eusko Alderdi Jeltzalea
Ahal Dugu alderdiak eman du ezustea Espainiako Gorteetarako hauteskunde orokorretan. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean hirugarren indarra izan da, eta, batez ere, EH Bildu koalizioari egin dio kalte. Amaiur kolaizioak 20.032 boto izan zituen 2011ko azaroaren 20ko hauteskunde orokorretan, eta EH Bilduk 13.398 izan zituen domekan. Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) ere behera egin du boto kopuruan, baina neurri txikiagoan. 18.768 boto izan zituzten jeltzaleek 2011n 33 herrietako kopurua zenbatuta, eta 17.130 jaso ditu 2015ean.Ahal Dugu lehenengoz aurteztu da hauteskunde orokorretara, eta Lea-Artibaiko, Mutrikuko eta Busturialdeko botoak zenbatuta, 7.012 bozka lortu ditu Pablo Iglesiasek gidatzen duen alderdiak. Bizkaian eta Gipuzkoan ere emaitza onak lortu ditu Ahal Duguk, alderdirik bozkatuena izan da Hego Euskal Herrian.
Bizkaian EAJk 3 eserleku lortu ditu, 2 Ahal Duguk eta bana EH Bilduk, PSEk eta PPk. Gipuzkoan Ahal Duguk eta EAJk 2 eserleku eskuratu dituzte, Ahal Dugu izanik bozkatuena. EH Bilduk eta PSEk eserleku bana lortu dituzte. Hego Euskal Herriari begira, 6 eserleku izango dituzte jeltzaleek Madrilgo Kongresuan datozen lau urteetan, 5 Ahal Duguk, 3 PSEk eta bina EH Bilduk eta PPk.
Madrilera erabakitzeko
Bost eserleku galdu ditu EH Bilduk Espainiako Kongresuan. Bizkaikoa, baina, mantendu egingo du. Onintza Enbeita muxikarra izango da ordezkaria Madrilen, Gipuzkoako buru Marian Beitialarrangoitiarekin batera.
Euskal Herriaren aldeko lana egingo duela azaldu dio muxikarrak HITZAri, eta hurrengo lau urteetarako erronkak mantenduko dituela esan du: «Kanpainan esan dugu Madrilera erabakitzeko eskubidea daramagula, eta hemendik erabaki behar ditugula Euskal Herriari dagozkion gai denak». Hala ere, emaitzen aurrean berrausnarketa bat egin beharko dutela onartu du, «zertara goazen eta gure ekarpena Madrilen zein izango den zehazteko».
Ahal Duguren aldeko botoek beraiei kalte egin diela onartu du Enbeitak, eta Iglesiasen alderdiak ekar lezakeenari zuhurtziaz begiratzen dio. «Podemosek Madrilen du begirada, eta gurea Euskal Herrian dago. Ikusi beharko dugu Gobernua nola osatzen den, eta abaniko horretan erabakiak hartzerakoan zer nolako aukerak maneiatzen dituzten. Oraindik zaila da esatea zer gertatuko den». Euskal gizarteak oraingoan aldaketaren aldeko botoa eman duela iritzi dio Enbeitak, «baina aldaketaren aukera Madrilera begira egin dute. Kanpainan saiatu gara argi uzten Euskal Herriari begirako aldaketa bertotik eratu behar dela, baina argi dago guk ere hausnarketa bat egin behar dugula; zertan ez dugun asmatu eta konfiantza non galdu dugun argitzeko».
Dena den, esan du EH Bilduren ibilbidea ez dela gaurko emaitzekin amaitu, eta harrotasunez ordezkatuko duela botoa eman dion jendea. «Asmatu beharko dugu erakusten benetan herri honentzako alternatibak baditugula».
EAJ alderdiaren diputatu moduan jarraituko du Joseba Agirretxea ondarrutarrak. Gipuzkoako zerrendaburua kongresuan egongo da beste lau urtez. Jeltzaleak ordezkari bat gehiago izango dute Madrilen. 6 lortu dituzte oraingoan.
Sei ordezkaritza izango ditu senatuan ere EAJk: Bizkaiko hiru eta gipuzkoako hiru ordezkari. Jose Maria Kazalis lekeitiarrak lortu ditu boto gehien, eta beraz, senatari jarraituko du Madrilen. Oraingoan gainera, Maria Dolores Etxano ondarrutarra izango du estreinako, ondoan, bera ere Bizkaiko hautagaia. «Euskadiren ahotsa izango direla Madrilen» nabarmendu du Lekeitioko senatariak; «eta baita Lea-Artibaikoa ere».
Gorteetarako hauteskundeetako emaitzek panorama interesgarria utzi dutela uste du Kazalisek. «Madrilgo gobernuan ez duelako alderdi bakar batek ere gehiengo osorik lortu, ezta agertzen ziren bi blokeetako batek ere». Eta horrek akordioetara heltzera derrigortuko dituela dio, agintaldi egonkorra lortu nahi badute. «Behin baino gehiagotan aipatu dudanez, Estatuan ez dute heldutasun demokratikorik, ohiturarik ez dutelako: monarkia absolutista izan dute urteetan, diktadura pare bat eta, demokrazia sasoia deitzen duten horretan, jokabide zapaltzailez aritu diren gehiengo osoak».
Euskadin, Estatuko komunikabideek alderdi politikoei emandako tratu desorekatuak eragina izan du emaitzetan, lekeitiarraren iritziz, «aurreikusten zen bezala, abertzaleen kalterako». Ahal Duguk izan duen sarrera indartsua ez zuela inork aurreikusten, dio. «Erkidegoan boto gehien lortu ditu eta harritzekoa da zelako emaitzak lortu dituen Ondarroa edo Lekeitio moduko herrietan, 622 eta 551 botorekin, hurrenez hurren».
Lekeitiarrarentzat deigarria izan da, baita ere, identitate propioa duten lurraldeetan izan duen harrera ona. «Euskadin eta Katalunian Iglesiasek zuzentzen duen alderdiak irabazi du, beste motibo batzuen artean, erabakitze eskubidearen alde erakutsi duen jarreraz baliatuta, nahiz eta bere parametroak Espainia barruan jartzen dituen».
EAJ bost diputatutik seira igo da, hala ere, tsunami berriari eutsiz. «Askotan esan dudan lez, gure kostako labar ederrak ez dituzte tsunamiek osatu, eguneroko olatu etengabeek baino; eguneroko lanak». Beste alde batetik, EH Bilduk zazpitik bost diputatu galdu izan arren, irakurketak, ez direla nahastu behar uste du jeltzaleak. «Hauteskunde bakoitzak klabe desberdinean erabakitzen dira eta orokorretan Estatukoek boto asko metatu ohi dute: bai presidentea aukeratzeko hauteskundeak bezala hartu ohi direlako, bai telebisten aniztasun gabeko lanagatik».
Senatuari dagokionez, Alderdi Popularrak gehiengo nagusia mantendu duen arren, Kongresuko orekak negoziaziorako aukera emango duela ikusten du.
Ardura politiko berria arduratsu hartuko duela eta erronka politiko berriari ekiteko gogotsu dagoela nabarmendu du Maria Dolores Etxano ondarrutarrak. «Senatuko ordezkaritza berrian ekiteko gogotsu nago» esan dio HITZAri.
Domeka gauean Sabin Etxean jaso zituen emaitzen inguruko datuak, eta pozik jaso du berria. XI. Legealdia hasiko du laister Cazalis eta Ahedogaz batera. Cazalisek errepikatu egingo du, baina Ahedok eta Etxanok, Iñaki Anasagasti eta Rut Martinez ordezkatuko dituzte senatuan.
Abstentzio handia
Parte hartzeari dagokionez, 2011ko hauteskundeekin alderatuta, abstentzioak gora egin du Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean. %28,9koa izan da Busturialdean, eta ia bost puntutan igo da Lea-Artibain eta Mutrikun, 2011n %26,69koa izatetik %31 izatera helduz. Markina-Xemeinen, esate baterako, abstentzioa %37 ingurukoa izan da, eta %35ekoa Ondarroan eta Mutrikun. Aulestin ere abstentzio maila handia egon da, %36,80koa.
Busturialdean, %32ko abstentzioa izan zen Bermeon, eta %28koa Gernika-Lumon.
Emaitzak jakin bezain pronto adierazpenak egin zituzten alderdietako ordezkariek. Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek nabarmendu zuen Bizkaian jeltzaleek irabazi dutela. Haren esanetan, «EAJ finkatu egin da, inoiz baino gehiago», Kongresuan ordezkari bat gehiago izango dutelako.
Podemoseko buru Pablo Iglesiasek, bestalde, bere alderdia eta boto emaileak zoriondu zituen. Esan zuenez, aldaketaren aldeko indarra izan da hauteskundeetan nagusi, eta etapa politiko berri bat hasi dela. Besteak beste, Estatuaren lurralde erreforma gauzatzeko asmoa agertu zuen Iglesiasek. Herrialde Katalanetan eta EAEn alderdirik bozkatuena izan da, eta horrek lurraldetasunari buruzko erreforma egiteko eskuduntza ematen diela uste du Iglesiasek.