Preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen zaintzaren inguruan diharduten
Bagoaz eta Sare plataformek elkarrekin deituta, euskal preso, exiliatu eta deportatuen «oinarrizko eskubideen defentsa» egingo da
zapatuan, 17:00etan, Baionan eta Bilbon.
Hain zuzen ere,
Mugi daitezen harriak, euskal presoak euskal herrira! Giza eskubideak, konponbidea, bakea! lelopean presoen
sakabanaketaren zein aplikatzen zaizkien beste
salbuespeneko neurrien «indargabetzea» eskatuko dute bi hiriburuetan egingo diren manifestazioetan. «Kartzeletako politiketan aldaketak eskatuko ditugu, ez beste munduko ezer, egun indarrean diren legedi eta arauak, salbuespenik gabe aplikatzea, soilik».
Hainbat aurpegi ezagun, zapaturako deialdia egiten. Argazkia: Sare
Zehazki zera aldarrikatuko dute:
euskal presoen sakabanaketarekin amaitzeko, larriki gaixo dauden presoak askatzeko, betirako kartzelara kondenatzen dituen salbuespenezko legedia indargabetzeko eta Europako legediaren aurkako norabidean legearen urratze edo interpretazio okerrak uzteko. «Horren adibide argi eta garbia da, beste estatu batzuetan jada betetako zigorrak, hemen kontuan ez hartzea».
Mobilizaziora dei egin duten bi taldeek aurreratu dutenez, zapatuko manifestazioetan
hainbat herritarrek bat egitea espero dute. «Asko gara, ideologia politiko bat ala bestea izanda ere, preso daudenen giza eskubideen alde gaudenak».
Atxikimendu ugari
Presoen etxeratzearen aldeko
mobilizazioarekin bat egin dute pentsaera, ideologia eta arlo ezberdinetako hainbat lagunek ere. Guztiek ere bi hiriburuetako kaleak betetzeko eskaera egin dute.
Honako pertsonaia ezagunek Bilbon eta Baionan burutuko diren mobilizazietan egongo direla adierazi dute: Kepa Junkera, Idoia Muruaga, Rosa Rodero, Nazario Oleaga, Tasio Erkizia, Tontxu Campos, Juan Daniel Barandiaran, Edurne Brouard, Gorka Espiau, Begoña Errazti, Andoni Txasko, Iñaki Zarraoa, Iñaki Lasagabaster, Juanito Oiarzabal, Garbiñe Biurrun eta Kirmen Uribek. «Sufrimenduari eta minari ateak ixteko unea da, esperantzari eta bizikidetzari parez pare irekitzeko. Urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan ikusiko dugu elkar».
Autobusak, Lea-Artibai eta Mutrikutik
Herriz herri ere manifestazioetara joateko hainbat deialdi egin dira. Modu horretara, Bilbora ailegatzeko hainbat autobus ere antolatu dira herriotatik.
Lekeitiotik,
Markina-Xemeindik, Mutrikutik eta Ondarroatik, esate baterako,
autobusean joateko aukera egongo da.
Zerrendetan aurretiaz eman behar da izena, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez,
ahalik eta azkarren izen ematea komeni da, autobus kopurua «ondo baino hobeto zehazteko».
Autobusak, herriz herrI
LEKEITIO:
- Izen ematea. Galarrenan, Norain, Guzurmendin eta Elkartasun dendan.
- Irteera. Zapatuan, 15:00etan, Mandaskatik.
MARKINA-XEMEIN:
- Izen ematea. Txokoan eta Kukubiltxon.
- Irteera. Zapatuan, 15:30ean, autobus geltokitik.
MUTRIKU:
- Izen ematea. Zubixan. Horrez gain, bihar eguerdian, Goiko eta Beheko plazetan izena emateko mahaiak jarriko dira.
- Irteera. Zapatuan, 15:30ean, Goiko biribilgunetik.
ONDARROA
- Izen ematea. Anaitasunan, Kulixkan eta Gaztetxean
- Irteera. Zapatuan, 15:00etan, Zaldupeko zubitik.