Urtea hasteagaz batera
Ondarroako Udal Kirol Batzordeak kanpaina berria ipini du martxan:
100 ondarrutarrek baietz 10 mendi igo 2016an. Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, ondarrutarrek Euskal Herriko lurralde ezberdinetako hamar mendi igotzea nahi dute.
Udal kirol batzordeak martxan jartzen duen bigarren erronka da aurtengoa. Izan ere, 2014an
Kalamendira egunero baietz kanpainak izan zuen arrakasta ikusirik, esperientzia errepikatzea erabaki da. “Aurreko erronkan erakutsi genuen ondarrutarrok mendiarekiko nolako grina daukagun. Erronka gainditzea lortu genuen, ikaragarrizko parte hartze eta arrakastarekin”. Datuak kontutan edukita, 4.057 igoera egin ziren 2014an Kalamendira.
Udal ordezkariak kirol erronka berria aurkezten.
Egitasmo berriari dagokionez, berau martxan ipini zenetik hiru egun besterik ez badira igaro ere, herritarrek ondo erantzun dutela eta martxa onean doala azpimarratu dute. Azken hiru egunotan, esaterako, nahikoa argazki jaso dira, eta mendizaleren bat edo bestek, mendi bat baino gehiago ere igo ditu.
Erronkari dagokionez, aurtengoa ere beteko dela uste dute antolatzaileek. “Nahikoa argazki jaso ditugu, eta jendeak interesa ere baduela ere ziurtatu dugu. Facebooken egindako deialdia, esaterako, 25 pertsonak baino gehiagok elkarbanatu dute; datu esanguratsua dela deritzogu”.
25 mendi aukeran
Aurrera Mendi Taldeko kideen laguntzagaz, eta ahalik eta herritar gehienek parte hartze aldera, zailtasun ezberdineko 25 mendiko zerrenda bat egin da. Mendi batzuk familiarekin joateko bezalakoak dira, eta beste batzuk, ordea, ongi prestatuta egotea eskatzen dute. Bestalde, mendi bizikleta zaleentzako ere pentsatua dago erronka. Bertan, inguruko mendiez gain, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldean dauden beste hainbat ere agertzen dira. “Honekin ahalik eta jente gehienak parte hartzea, osasuna zaintzea, ingurumenarekiko errespetua eta mendizaletasuna bultzatu nahi ditugu”.
Erronkan parte hartu nahi dutenek, 25 mendi horietatik 10 aukeratu beharko dituzte, eta tontorrera igo ostean, argazki bat atera eta
kirolagenda@gmail.com helbidera bidali edo Facebookeko Kirol Agenda kontua etiketatu. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, igoeraren balorazio txiki bat ere bidaltzea eskertuko da, erabilitako bidea zein izan den edo zein alderditik igo den aipatuta.
Kirol erronka berriaren aurkezpena
Aurreko erronkan egin modura, oraingoan ere argazkiak publiko egingo dira Kirol Agendaren Facebook orrialdean eta aurrerago adieraziko duten Issuu webgunean. Horrez gain, astelehenero estitistikak argitaratzen joango dira, eta barikuetan, aldiz, zerrendan agertzen den mendi baten inguruko informazioa ere igorriko da.
Era berean, jasotzen diren argazki guztien egileen artean zozketa egingo da hilero. Bestalde, sei hilabetero sari bereziak ere banatuko dira, erronka gainditzen dutenen artean.
Azkenik, erronkan parte hartu dutenen artean ere hainbat gomendio eman dituzte; norbere mailako mendiak aukeratzea, mendira joateko material egokia erabiltzea, federatua egotea, mendia zaintzea eta eguraldiaren aurreikuspenak ikusi eta errepestatzea gomendatu dute, “ezustekorik ez gertatzeko”.
Erronka