Urteroko hitzorduari hutsik egin barik, gaur [urtarrilak 6] ere bertso saio berezia egon da Ondarroan. Bertsutan bertso eskolak eta Ondarroako Udalak antolatuta, punta-puntan dabiltzak lau bertsolarik eskaini dute saioa: Beñat Gaztelumendi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapeldunak, Alaia Martin Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren sailkatuak, Eneko Abasolo Abarkas Ondarroako bertso eskolako irakasle ohiak eta Jone Uriak.
Jone Uria agurra egiten. Atzean, Eneko Abasolo, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi
Saio ederra eskaini dute laurek, eta Beikozini aretora hurreratu diren bertsozaleei barre algara bat baino gehiago eragin diete euren ateraldiekin. Saioa Bikain Urkiri Bertsutan bertso eskolako kideak gidatu du, eta lauren aurkezpena egin ostean, ikusleak bertsotan agurtu dituzte.
Ondoren, gaia emanda, binaka aritu dira. Abarkasi eta Alaia Martini Adan eta Eva telebista saioko protagonistak izatea egokitu zaie. Jone Uriak eta Beñat Gaztelumendik, ostera, telebista saio hori ikusten ari den bikote bat irudikatu behar izan dute. Gerokoan, guztiak batera koplatan aritu dira Olentzero eta hiru erregeen papera hartuta. Jarraian, binaka aritu dira.
Beñat Gaztelumendi, egokitu zaion argazkiari buruzko bertsoa prestatzen
Saioaren bigarren zatia, aldiz, bestelakoa izan da. Lehenik eta behin, argazki baten inguruan bertsotan egin behar izan dute, banaka. Gerokoan, urtero egin modura, Ondarroako berben inguruko ariketa proposatu die gai jartzaileak. Horretarako, Ahuakemonala aplikazioan agertzen diren hainbat esaera eta berba erabili dituzten, puntuka aritzeko.
Ondarroako berben inguruan bertsoka, hasieran, binaka aritu dira, gero, banaka, eta azkenik, lauen artean aritu dira. Ahal izan duten modura moldatu dira atzeko pantailan proiektatuko hitzekin. Saioa bukatzeko, lau bertsolariek banan-banan abestu dute euren agurra, nahi moduko doinua erabilita.
Antolatzaileak, pozik
Saioa amaitu berri, pozik agertu dira antolatzaileak. Iñaki Lersundi Bertsotan bertso eskolako kideak eta udal kultura zinegotziaren iritziz, “emozioz betetako” saioa izan da. “Maila honetako bertsolariak berton izatea ikaragarria izan da. Baina, batez ere, guretzat oso polita izan da Abarkas Bertso eskolako lehen irakaslea bertan abesten izatea”.
Bertso saioan parte hartu duten lau bertsolariak antolatzaileekin batera, saioa amaitu ostean.
Gaurkoan ere, areto bete bertsozale batu da, eta horrek asko poztu ditu antolatzaileak. “Jendea oso gustura ikusi dugu, eta bertsolariak ere pozik geratu dira. Aurrerantzean ere antzeko ekimen gehiago egingo ditugu”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.