Beñat Goya Ondarroako bizilagunak irabazi du
Ondarroako Udaleko Euskara Batzordeak martxan ipinitako
Ahuakemonala lehiaketa. Hain zuzen ere, 20 galderak erantzun ostean puntu kopuru gehien izan dituen herritarra izan da. Guztira,
6.946 puntu lortu ditu.
Izatez, lezotarra baldin bada ere, lotura oso estua du herriagaz. Azken sei urteak Ondarroan bizitzen daramatza bikotekideagaz, eta ondarrutarra ere naturaltasun osoz berba egiten du. “Konturatu barik, apurka-apurka” ikasi duela dio Goyak.

Beñat Goyak (ezkerrean) Iñaki Lersundi kultura zinegotziaren eskutik jaso du saria
Lehiaketaren irabazleak nabarmendu duenez, ikusminagatik parte hartzea erabaki zuen. “Bikotekidearen amonaneko etxean ere horrelako esakerak sarri entzun izan ohi ditut, eta lehiaketaren berri eduki nuenen, bertan parte hartzea erabaki nuen neuk ere”.
Hasieran galdera batzuk nahiz eta ezagunak izan, beste batzuk ezezagunak ere egin zitzaizkiola azpimarratu du, baina jokatzen joan ahala, herriko beste hainbat esakera eta berba ikasten joan dela adierazi du. “Zenbat eta gehiago jokatu, hobetzen joan naiz, eta horrenbestez, lortutako puntu kopurua ere hobea izan da”.

Ahuakemonala lehiaketako sailkapen orokorra
Hamaika partida jokatu ditu, eta lehia estua izan baldin bada ere, lehen postuan amaitzea lortu du. Puntu bakarragatik irabazi du 100 euroko saria; izan ere, bigarren sailkatuak, Amaia Ituartek, 6.945 puntu lortu ditu. Hirugarren sailkatua ere, Iraide Burgoa, saria lortzeko nahikoa hurbil ibili da 6.939 puntugaz.
Goyak pozik jaso du gaur [urtarrilak 6] herritarren txalo zaparrada artean saria. 100 euroko sariagaz, afari eder bat egin edo opariren bat erosiko duela iragarri du. Lehiaketari dagokionez, horrelako egitasmoak herriko hizkera bultzatzeko eta sustatzeko ondo datozela azpimarratu du. “Askorek esakera horiek jakin badazkite, eta mota honetako ekiemenei esker, gazteen artean ere zabaltzea lortu da”.
Azken ekimena
Bestalde, lehiaketaren arduradunek nabarmendu dutenez, bertan parte hartu duten herritarrak asko izan dira. “Oso pozik gaude jaso ditugun datuekin”.
Udal ordezkariek gaineratu dutenez, Ahuakemonala egitasmoaren azken ekintza izan da lehiaketa. Ordezkariek eskerrak eman nahi izan dizkie 2015. urtean Ahuakemonala ekintza ezberdinetan parte hartu duten guztiei.