Bi urte pasa dira Arantza Zulueta atxilotu zutenetik, eta bi urte horietan haren isolamenduaz amaitu eta askatzeko egindako ekimenek ez dute izan etenik. Hala ere, bere egoera ez da aldatu.
Iazko abenduaren 9an pasatu zen Arantza Zulueta, azkenengoz, epailearen aurretik, eta behin-behineko espetxealdia luzatu zioten. Zelan hartu duzue albistea?
Itziar Zulueta. Oraingo honetan albisteak ez gaitu ustekabean harrapatu. Atxilotu zutenetik bai pentsatu izan dugu laster kaleratuko zutela, espetxeratzearen oinarrian ez dagoelako arrazoi judizialik. Baina epeak jarri, errekurtsoak aztertu eta kartzelan eta isolatuta segitzen du. Hasieran sinistezina egiten zitzaigun, irten egin behar zuela eta irten egingo zuela sinisten genuen. Orain, ez dakigu. Uste dugu erabakia judiziala barik politikoa dela eta gaur egungo arduradun politikoek ez daukatela euren jarrera aldatzeko asmorik. Kezkatuta gaude behin-behineko espetxeratzea beste urte bi luza daitekeelako. Dagoeneko urte bi egin ditu isolatuta, eta urte bi isolamenduan egotea benetan da gogorra. Beste urte bi isolatuta? Ez dugu horrelakorik pentsatu ere egin nahi.
Itziar Zulueta eta Jabi Barcina, Arantza zuluetaren senide eta laguna.
Egon zarete beragaz harrez gero? Zelan dago bera?
I.Z. Kartzelan egon gara senitarteko eta lagun batzuk. Telefonoz ere hitz egin dugu beragaz. Urtarrilaren 2an deitu zidan telefonoz, eta ea zelan zegoen galdetu nionean, betikoa erantzun zidan: familiakoak ondo bagaude, bera ere ondo dagoela. Badakigu dagoen egoeran egonda, bakartuta, ezin dela ondo egon, baina guri ez digu halakorik esaten.
Jabi Barcina. Bera ezin da ondo egon, bakar-bakarrik dagoelako egunean ia 24 ordu. Ez dauka norekin berba egin, edozein txikikeria komentatzeko ez bada ere. Ez dauka inor alboan zer edo zer esan eta barrena lasaitzeko, bizi dituen sentimenduak partekatzeko. Bost minutuko telefono deia baino ez dauka egunero. Abenduan, Madrilera eraman zutenean, aukera eduki zuen euskal preso bategaz pare bat orduz egoteko. Urte bitan horrelako aukerarik birritan baino ez du izan. Beste egun guztiak bakarrik eman ditu. Guretzat, hori da gogorrena.
Puerto de Santa Maria (Cadiz, Espainia) da ezarri dioten kartzela. Bisitarako joan-etorria 1.800 kilometrotik gorakoa izaten da, egun biko joan-etorria. Gurasoak nagusiak izanda, zelan konpontzen zarete bisitekin?
I.Z. Aita gaixorik dago, eta azkenengoz atxilotu zutenetik ez da bisitatzera joan. Ama abenduan egon zen, Estremeran egon zela aprobetxatuz. Bestela, ezin da joan, bidaia oso luzea delako. Gainontzeko senideak joaten gara, bai eta lagunak ere. Lagunen zerrendak sei hilabetero egiten dira, hamar lagunez osatutako zerrendak, eta hamar horiek dira sei hilabeteko horretan joan daitezkeenak.
Itziar Zulueta: “Guretzako txarrena, bakardadearena da; funtzionarioak baino ez ditu inguruan, eta urte bi daramatza horrela. Tortura da”
Urte bi daramatza isolamenduan. Aldatu da ezertan bere egoera denbora horretan?
I.Z. Isolamenduan egon da eta dago. Urte bi hauetan Estremeran eta Puerton egon da espetxeratuta, eta egoera berean egon da batean eta bestean.
Senide eta lagun zareten aldetik, zuen ustez, zein da isolamenduaren alderik mingarriena? Zer sentimendu eragiten dizue senide eta laguna isolatuta daukatela jakiteak?
I.Z. Guretzako txarrena, lehen esan dudan modura, bakardadearena da. Bakar-bakarrik dago 24 ordu, eta ez dauka alboan inor berba egiteko. Funtzionarioak baino ez ditu inguruan, eta urte bi daramatza horrela. Egoera hori jasanezina da, jasanezina baino gehiago, tortura da.
J.B. Eta ez hori bakarrik. Bera isolamendu moduluan dago, zigorrak betetzeko erabiltzen dena. Teorian, han dagoenak faltaren bat egin du, eta ezarritako zigorra han betetzen du. Han, zigortutakoak egoten dira, eta, askotan, gaixotasunen bat edo arazoak dauzkatenak izaten dira, eta inoiz baten bat eraman dutenean modulura okerragoa izan da. Behin, emakume bat patioan egon zen beragaz hamabost egunez; emakumeak edozer esan eta iraindu egiten zuen.
Zergatik daukate isolamenduan? Noiz arte uste duzue segituko duela egoera horrek?
I.Z. Noiz arte ez dakigu. Berak sarritan pentsatu izan du kalera irtengo zela. Eta guk sinistu egiten genuen askatu egingo zutela. Kartzelan, eta, gainera, isolatuta egotea guretzat sinestezina da.
J.B. Guk ez dakigu zergatik dagoen isolamenduan, eta lagunek-eta galdetzen digutenean egoeraren zergatia hori da erantzuten duguna: ez dakigula. Atxilotu zuten momentutik eraso mediatiko gogorra egon zen Arantzaren kontra. Bere nortasuna, jarduna… Egunkari eta aldizkari askotan protagonismo handia eman zioten, eta jarrera eta ardura gogor eta handiak zituela esan. Gurasoen eta neba-arreben inguruko kontuak ere argitaratu ziren. Une horretan ikusi genuen kanpaina hura antolatu zutenek gogo handia ziotela, eta horregatik pentsatzen dugu kartzelan bizi duen isolamendu egoera mendekua baino ez dela. Hala ere, ezin dugu ahaztu beragaz batera atxilotu zuten Jon Enparantza ere, berau ere euskal presoen abokatua, antzeko egoeran daukatela. Euskal presoen abokatu bi espetxean eta isolatuta. Agian, presoen arteko komunikazioa, presoen partaidetza da zigortu nahi dutena.
Jabi Barcina: “Pentsatzen dugu Arantzak kartzelan bizi duen isolamendu egoera mendekua baino ez dela; Jon Enparantza ere antzeko egoeran daukate”
Behin baino gehiagotan salatu izan da Arantzak jasaten duen egoera legez kanpokoa dela, bai komunikabideetan bai eta epaitegietan ere. Zein izan da jaso duzuen erantzuna?
I.Z. Epaitegietan burla eta barre egin dute. Arantzak errekurtso asko jarri izan ditu askatasuna eskatzeko, bai eta isolamenduaren bidegabekeria salatzeko ere. Azkena aztertu zena abenduaren 9koa izan zen. Puertotik Madrilera eraman zuten. Fiskalak minutu batean eman zituen bere azalpenak. Arantza eta Jonen abokatuak hogei minutuz egon ziren euren arrazoiak ematen, eta Arantza eta Jon beste bosna minutuz. Bada, epailea telefonoagaz ibili zen, ez dakigu jolasten edo mezuak bidaltzen. Epaia epaiketa amaitu eta bost minutura eman zuen, eta bertan ez da defentsak esandako ezer aipatzen. Ematen du aldez aurretik idatzita zegoela.
Barcina: “Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioetan parte hartzea ere garrantzitsua dela deritzogu. Denen eskubideen alde eginda, Arantzaren eskubideen alde ere egiten da”
J.B. Banakako salaketak ere jarri izan ditugu, bai guk bai eta Jon Enparantzaren lagun eta senideek ere. Salaketa horiez galdetzera joan da abokatua, eta ez dakitela non dauden erantzun diote. Instituzioei dagokienez, askok dute egoeraren berri. Arartekoak ere bai, eta ez du ezer egin. Udalei dagokienez, Lekeitioko Udalak bai onartu zuen Arantzaren isolamendu egoera salatzen zuen mozioa, eta gestio batzuk egin izan ditu, baina ez dela udalaren eskumena erantzun diote Espainiako Espetxe Zuzendaritzako arduradunek.
Egoera aldatzea espero duzue, eta zein izango da zuen egitekoa aurrera begira?
J.B. Ez dakigu zer egingo dugun. Orain arte bezala jarraituko dugu egoera honek irauten duen bitartean. Egoeraren berri ematen jarraituko dugu, eta hori zabaltzen. Egoera zelakoa den zabaldu eta egoera horren kontrako ekintzak antolatzen jarraituko dugu. Horrez gain, euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioetan parte hartzea ere garrantzitsua dela deritzogu. Denen eskubideen alde eginda, Arantzaren eskubideen alde ere egiten da, eta, alderantziz, Arantzaren eskubideak aldarrikatuz denenak aldarrikatzen dira. Bihar daukagu hurrengo erronka Bilbon eta Baionan, eta han egon behar gara. Egunetik egunera ere jarraitu egin behar da, Arantza, Ibon eta euskal preso eta iheslari politiko guztiak gure artean libre izan arte.