Zesta-punta biziberritzen hasi da gaur [urtarrilak 9] bertan Markina-Xemeinen. Unibertsitatearen pilotalekuko harmailak ikustea besterik ez zegoen, mundu guztira zabaldu zen pilota modalitateari bultzada berri bat emateko dagoen ilusioa eta gogoa nabaritzeko. Helburu hori lortzeko beharrezko eragile guztiak egon dira bertan: erakundeak, eskolak, pilotariak, senideak eta zaleak.
Guztiak batera Goiko Portalean.
Goizetik hasi dira autobusak ailegatzen Markina-Xemeinera. Goiko Portala izan da guztien bilgune, eta hantxe atera dute lehen argazkia eguneko protagonistek. Ondoren, kalejiran alde zaharretik buelta bat eman ostean, frontoirako bidea hartu dute hango ekitaldiari hasiera emateko.
Arantza Ugarte eta Jon Eskuderok aurkeztu dute ekitaldia, eta eurekin batera kantxara ateratzen lehenengoa Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidentea izan da. Alboan izan du Jauregik, hemendik aurrera, Xistera elkargoaren lehendakari izango den Ibon Urreisti mutrikuarra.
Patxi Jauregi Xistera proiektua aurkezten.
Gaurko eguna, azken urteetan zesta puntak jasandako gainbeheraren mugarria izatea nahi dutela azpimarratu dute aurkezpenean, eta Xistera proiektua aurrera ateratzeko lehenengo eta ezinbesteko baldintza denak batera egotea dela nabarmendu dute: ordezkari politikoak, udaletxeetako arduradunak, Xistera elkartekoak, pilotariak, gurasoak eta herritarrak.
“Xistera proiektuak zesta-punta biziberritu nahi du, Euskal Herriko txoko guztietan”, esan dute.
Patxi Jauregik azaldu duenez, zesta-puntaren egoera kritikoa ikusita, orain dela bi urte eta erdi, zesta-puntaren inguruko eragile batzuk batu eta egoera horri buelta emateko zer edo zer egin behar zutela erabaki zuten, “lehen bait lehen”. Horrela, lehenengoz, Euskal Herriko klubak, -Bizkai, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldekoak- bat egin eta Euskal Herriko Xistera Kluben Kirol Kluba sortu dute. “Irizpideak batu eta indarrak eta ideiak bideratzeko balioko du, zesta-punta eta klubak indartzen lagundu ahal izateko”, adierazi du Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidenteak.
Erakundeek agertutako babesa eskertu du Patxi Jauregik: Eusko Jaurlaritzarena, Nafarroako Gobernuarena, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Aldundiena bai eta udalena ere. Aipamen berezia egin dio Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuari. “Lehen momentutik zesta-puntaren egoeragaz sentsibilizatu eta gehien bultzatu eta babestu duen pertsona izan da”.
Pilotari gazteak harmailetan.
Zesta-punta biziberritzeko neska-mutilak kirol horretara erakarri behar direla azaldu dute, eta horretarako, eskolak indartu eta berriak sortzen lagundu, eta pilotari gazteei etorkizun erakargarri bat eskaini behar zaiela adierazi dute, eta horretara dator Xistera proiektua. Horretaz gainera, lehiaketa erakargarri bat sortuko dute pilotari txiki eta gazteek euren balioa erakutsi eta publikoak gozatu ahal izateko. “Zesta-punta kirol ikusgarria da eta bere lekua berreskuratu behar du hemen, etxean, sortu den lekuan. Zesta punta pilotarientzako eta ikusleentzako erakargarria izaten denean kantxak eta harmailak beteko ditu”.
“Izan zirelako gara eta garelako izango dira” esaldiagaz laburbildu duten bideoa eman eta gero, Ruben Goñi Nafarroako Gobernuko Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendariak, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariak eta Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak proiektua zoriondu dute. Lorea Bilbaok atzera begiratzeko eskatu die pilotalekuko harmailetan zeuden eragile guztiei, alde batetik, eredua hartzeko aitortza eginez, eta bestetik, indarra hartzeko aurrera begirako lana bideratzeko. “Baina, kontuan hartu behar dugu etorkizuna guk ereingo dugula aurrera begiratuz. Atzekoa ikasiz, diagnostiko egokiak eginez, leihaltasunez lan eginez, egia nagusi jarriz eta aurrera begiratuz. Batez ere lankidetzan, gaur ere argi geratzen den moduan”.
Argazkia atera eta agurra dantzatuz amaitu da ekitaldia.
Olatuak, bertsoak, txalo eta txistuak eta gazteen partidak ere egon dira. Azkenik, argazkia atera eta agurragaz amaitu da ekitaldia.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.