Aurrerako nagusien taldeak hirugarren mailako jaitsiera postuetatik ezin irtenda jarraitzen du. Berioren eta Alaves B taldeen aurka jasandako porroten ostean, nabarmen atzera egin du sailkapen nagusian. 15 puntugaz taulako azken postuan dira berriro Etxabururen eta Plazaren mutilak.
Mailan mantentzeko ahalegin handiak egiten ari dira ondarrutarrak, baina oraindik ere ez diote neurria hartu maila berriari. Bigarren itzuliko lehen partida, atzo [urtarrilak 10] jokatu zuten Gasteizko Ibaia zelaian Alaves Bren aurka: 4-1 galdu zuten.

Aurreraren eta Alaves Bren arteko neurketa. Argazkia: Aurrera
Partidari dagokionez, babazorroek gogor hasi zuten neurketa, eta lehen gola azkar lortu zuten. Aurreraren aurkako falta bat aprobetxatuz, bigarren minutuan sartu zuen lehen gola etxeko taldeak.
Markagailuan aurrea hartuta, partida asko bizitu zen, eta horrenbestez, Alaveseko mutilek euren jokoa egiteko aukera izan zuten lehen zatian. Aurrerakoak jokoan ezin sarturik ibili ziren lehen zatian, eta atsedenaldia aurreko azken minutuetan sartutako golaren ostean, nahikoa burumakur joan ziren aldegeletara.

Aurreraren eta Alavesen arteko norgehiagoka. Argazkia: Aurrera
Atsedenaldia eta gero, bi taldeak gogor aritu ziren, baina 48. minutuan babazorroek lortutako hirugarren golak nahikoa zail jarri zuen partida.
Hurrengo minutuetan ondarrutarrek aurkariaren areara ailegatzeko hainbat ahalegin egin zituzten, baina ezin izan zuten golik egin. Etxeko taldeak beste gol bat sartu zuen 70. minutuan, eta handik gutxira, 75. minutuan, sartu zuen Julen Arufek partidako ohorezko gola.
Hurrengo minutuak ere bizitasun handikoak izan ziren, baina ez zen gol gehiagorik egon. Aurrerako nagusien taldeak Zaldupen jokatuko du hurrengo jardunaldia, Durangoren aurka.