Ondarroako Libre dinamikak antolatuta, Mikel Etxaburu Osaren aldeko herri ekimena egin zen barikuan [urtarrilak 8] Arrigorri Ostatu Jatetxean. Barikuko ekimenagaz, hain zuzen ere, 04/08 auzian beste 34 ezker abertzaleko kiderekin batera epaitzen ari diren ondarrutarrari elkartasuna erakutsi nahi izan zioten hainbat herritarrek.
Etxaburu poesia idazlea dela kontutan hartuta, horregaz lotutako ekitaldi hunkigarria prestatu zuten antolatzaileek. Oholtza gainera hainbat herritar igo ziren, eta asko kultura eta musikagintza arloan aritzen direnak baldin badira ere, tartean, herritar anonimo ugari ere igo zen oholtza gainera. Horien artean izan ziren Etxabururen hainbat lagun eta senide.
Oholtzara irtetzen lehenengoa Oihane Enbeita bertsolaria izan zen, eta Mikel Etxabururen Zu zara orain txoria liburua eskuetan, kantuan aritu zen.
Oihane Enbeita kantuan
Enbeitaren atzetik, Jon Kirru Iparragirre musikaria atera zen. Mikrofonoa eskuetan hartu, eta Zu zara orain txoria olerki sortako lanetako baten inguruan kantuan hasi aurretik Mikel Etxaburu bera atera zuen publiko aurrera, irakurtzera. Etxabururen kolaborazio motzaren ostean, gitarra eskuan kantuan aritu zen Iparragirre.
Ondoren, Joxe Mari Urteaga idazleak hainbat olerki irakurri zituen, eta ekitaldian bertan egon ezin izan zutenek ere euren ekarpena egiteko aukera ere izan zuten. Karle Beristainek, esaterako, grabatuta utzi zuen bere gustuko olerkietako bat.
Horien atzetik, Kemen Lertxundi eta Lizar Gojenola musikariak, Urtza Alkorta, Keu Agirretxea eta beste hainbat gonbidatu igo ziren oholtza gainera, Joseba Barrenetxea argazkilariaren argazkiak tartekatzen zituzten bitartean.
Keu Agirretxea eta Ioritz Etxaburu
Antolatzaileek aurreratu modura, emozioz betetako gaua izan zen. Gaueko momenturik hunkigarriena, beharbada, Ioritz Etxabururen, Mikelen iloba, eskutik etorri zen, 20 segundu olerkia gogora ekarri zuenean. Omenduaren ilobak maite duzun hori 20 segundutan nola agurtu daitekeen deskribatu zuen. Olerkiaren irakurketak bat baino gehiago hunkitu zuen, eta asko malkoei ezin eutsita ere egon ziren.
Azkenik, Urtza Alkorta atera zen oholtza gainera, eta Etxabururi Madrileko epaiketaren inguruko berba batzuk esateko eskatu zion.
Mikel Etxaburu berbetan, ekitaldi bukaeran
Etxaburuk erabat hunkituta irten zuen, eta poesiaren inguruko elkartasun ekimena egitea asko eskertu zuen. Abenduaren 3an hasitako epaiketa martxoan amaitzea espero dutela nabarmendu zuen, eta bera, optimista ageri dela aipatu zuen. “Hemendik aurrera tokatzen zaigu egunez egun kudeatzea, eta aurrera begira ikusiko dugu zer pasatuko den. Edozer gertatuta ere, edozein epai mota egonda ere, guk gure egitekoarekin jarraituko dugu”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.