Sareko bozeramaile
Teresa Toda eta Joseba Azkarraga oso pozik agertu ziren Bilboko manifestazioak lorturiko
arrakasta dela eta. “Pankartaren atzean bildu den gizartearen askotariko ordezkaritza eta horiekin batu diren milaka eta milaka herritarrak argiro, demokratikoki eta libreki ari dira eskakizun batekin bat egiten”, esan zuen Todak.
Manifestazioa 17:00etan zen hastekoa, eta ordu horretan kokatu zen pankartaren atzean azken egunotan
Sarek bilduriko ordezkaritza zabala. Han izan ziren Felix Cañada abokatua, Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohi eta PSE-EEko kidea, Rosa Rodero ETAk hildako Joseba Goikoetxea ertzainburuaren alarguna, Fermin Muguruza musikaria, Inaxio Kortabarria futbolari ohia, Miren Zabaleta preso ohia eta beste.
Espero gabeko bi ordezkari ere agertu ziren pankartaren atzean:
Anna Gabriel Kataluniako Parlamentuko CUPeko hautetsia eta
David Fernandez CUPeko parlamentari izandakoa. Ordurako, CUP eta Junts Pel Siren arteko akordioaren lehenengo zurrumurruak hedatuak ziren manifestazio osoan, eta CUPeko bi kideek kazetarien arreta eta manifestari askoren ikusmina piztu zuten.
17:10ean prest ziren denak manifestazioa abiarazteko. Baina orduan iritsi zen mezua: itxaron egin behar zen lekua egin arte, Casillatik Zabalbururainoko tarte osoa jendez beterik zegoelako. Azkenean, 17:30ean abiatu zen manifestazioa,
ordu erdiko atzerapenaz.
Preso eriak gogoan
Astebururo Espainia eta Frantziako kartzeletara abiatzen diren
furgonetak joan ziren manifestazioaren buruan, zein bere kartelarekin, espetxe bakoitza zenbat kilometrotara dagoen adieraziz. Ondoren,
11 lagun joan ziren,
gaixo handi dauden 11 presoen egoera azaltzen zuten afixekin, eta ostean, senideen multzo luzea, kriseilu eta zapi zuriekin, ume zein adindun, horietako asko negarra begietan.
Senideen atzetik pankarta nagusia joan zen
Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde, euskal presoak Euskal Herrira goiburuarekin. Eta, atzean, milaka eta milaka herritar. 18:50ean iritsi zen manifestazioaren burua udaletxera, eta hamar minutu geroago hasi zen amaiera ekitaldia.
Ezkerraldeko harri zulatzaileak, Oreka TX taldeko kideak eta
Urtzi Telleria harrijasotzaileak eman zien hasiera ekitaldiari. Bertsoen txanda iritsi zen ostean:
Amets eta Maddalen Arzallusek
Baionatik jarritako bertsoei
Alaia Martinek eta Julio Sotok eman zieten erantzuna
Bilbotik.
Xabier Euzkitze bertsolari eta telebista aurkezleak eta Zuriñe Hidalgo musikariak irakurri zuten azken agiria. Sakabanaketaren ondorioak ekarri zituzten gogora: gastu ekonomikoa, galdutako eskola eta lan orduak, presoen oinazea, istripuen arriskua —sakabanaketak eragindako bidaietan hamasei lagun hil direla gogoratu zuten—. Horrekin “sufrimendua areagotzea” besterik ez dela lortzen esan zuen Euzkitzek: “Baina mina antzua da, idorra, alferrikakoa”.
Esne Beltza taldearen kantu batekin amaitu zen ekitaldia. Horrekin, eta Euzkitzek eta Hidalgok adierazitako nahiarekin: “
Manifestazioa izugarria izan da, baina azkena izan dadila“.
Testua: Berria