Orain arte jokatutako kanporaketa biak nagusitasun osoz irabazi ondoren, XVI. Eusko Label sariko urrezko kategoriaren binakako txapelketaren finalerako txartela lortu dute zuzenean Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa aizkolariek. Horrenbestez, hirugarren finala jokatuko du bikoteak datorren otsailaren 28an, Azpeitiako (Gipuzkoa) Izarraitz pilotalekuan.
Azken bi urteotako txapeldunek erraz menderatu dituzte Xabier Orbegozo
Arria V eta Mikel LarraƱaga Urrestilako (Gipuzkoa) Txikuri pilotalekuan jokatutako kanporaketan. Guztira, 4 minutu eta 23 segundo abantailarekin lortu dituzte bigarren kanporaketako bi puntuak.

Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa, finalerako txartela lortu ondoren. Argazkia: Eneritz Albizu / Urola Kostako Hitza
Domekan [urtarrilak 10] jokatutako kanporaketari dagokionez, sei probatan banatuta, guztira, hamabina enbor moztu behar izan zituzten bikoteek, eta proba guztietan Urola Kostako aizkolarien aurretik ibili ziren mutrikuarra eta dimoztarra.
Lehenengo hiru probetan nahikoa berdinduta ibili ziren bi bikoteak, baina abiadura proban aurrea hartu ondoren, hurrengo lanetan ere hobeto aritu ziren Mugertza II.a eta Atutxa II.a, abaintaila nabarmen handituz.

Bi bikoteen denborak, lanetan
Finalerako txartela lortu eta gero, pozik agertu da Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarra. Atzo [urtarrilak 10] jokatutako kanporaketari dagokionez, lasai aritu zirela nabarmendu du. “Azken probara ia minutu eta erdiko abantailarekin iritsi ginen, eta lasaitasun horrekin gusturago eta hobeto aritu ginen azken sei enborrak mozten. Egia esan, Debako lehen kanporaketan baino lasaiago ibiltzeko aukera izan genuen”.
Hamabi enborrak mozten arazo gutxi izan zituztela ere gaineratu du mutrikuarrak. “Enborren batek edo bestek adar zatiren bat izan du, baina ez genuen arazorik eduki proba ondo amaitzeko”.

Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa, aizkoran. Argazkia: Eneritz Albizu / Urola Kostako Hitza
Hilabete eta erdi barru jokatuko den finalari begira, faborito modura ekingo dio aurtengoan ere Mugertzak eta Atutxak osatutako bikoteak. “Finala, oraindik ere, nahikoa urruti ikusten dugu, baina gogor prestatzen ariko gara hurrengo asteotan. Astean behin, gutxienez, entrenamendu gogor bat egingo dugu”.
Aurkariei dagokionez, ezustekoren bat edo beste egon daitekeela uste du Mugertza II.ak. “Oraindik, txapelketa asko dago aurretik. Jokoan asko dago, eta bikote guztiak maila onekoak dira. Ikusi egin beharko da zeinek duen finalean aritzeko aukera. Izan ere, mailaz guztiak antzera dabiltza”.