Abenduaren 17an egin zuten osoko bilkuran onartu zituen aurrekontuak, Etxebarriko Udalak, EAJ alderdiaren botoekin. EH Bilduk jakitera eman duenez, nahiz eta adostasunak asko izan, “inbertsioetan akordiorik lortu ez dutenez”, ezetza eman diete 2016ko aurrekontuei.
Etxebarriko udaletxea.
Guztira, 1.194.163 euro izango ditu udalak aurten, eta horietatik
%32 pertsonal gastuetara bideratuko dute, herriko zerbitzuen mantenimendua egiteko aurrekontuaren %22a erabiliko dute eta Lea-Artibai Amankomunazgorako eta garapen agentziarako %12. Taldeak diruz laguntzeko eta jaietarako zein kultur ekintzak antolatzeko aurrekontuaren %10a bideratuko dute,
euskarara %1,4 eta herri kirolak eta probak antolatzera %2,5. Inbertsioetara bideratuko da, bestalde, geratzen den kopuru guztia. Aurrekontuaren %19 erabiliko da inbertsio errealetarako, 313.863 euro hain zuzen ere.
Inbertsio errealetan egon da
EAJ eta EH Bilduren arteko desadostasuna. Eskola berria egin ahal izateko lurraren kalifikazioan aldaketa puntuala aurtengo aurrekontuetan egitea adostu dute, baina, Etxebarriko EH Bilduren ikuspuntutik, “ezeri itxaroten egon beharrik barik eta prozesua bizkortzeko”, Hezkuntza Sailagaz egin behar diren kudeaketak aurrera eramaten diren aldi berean, 2016ko aurrekontuetan partida bat zabaldu beharko litzateke ikastetxe biak, eskola eta haurreskola, eta kirol gunerako lehenengo urbanizazio fasea hasteko. “Etxebarriko Udalak orain dela 11 urte erosi zituen eskola berria egiteko lurrak eta oraindik birkalifikatu barik daude”, adierazi dute.
EH Bildukoek egindako kalkuluen arabera, azken hamabost urteetan
1.064.000 euro gastatu dira
eskola zaharreko inbertsioetan, alokairuetan eta gainontzeko gastuetan. “Eta gaur egun lehengo gabezi berekin jarraitzen dugu: zerbitzuak sakabanatuta, gelak eraikin desberdinetan banatuta, iriste erraztasun eza…”.
Adostutako inbertsioak
Etxebarriko alderdi biek adostutako inbertsioen artean daude, bestalde, Axillondo eta Kortabitxi baserrietara doazen
ur hodien konponketa, kale,
bide eta baserri bideen konponketa eta udal aretoetarako ekipo informatiko berriak erostea.
Etxebarriko Udalak eta Uraren Euskal Agentziak martxan jarritako proiektuaren bigarren faseari ekingo diote aurten
Edateko ura baserrietara eramateko 18.615 euroko kopurua aurreikusi du udalak; baserri bideak konpontzeko, berriz, 39.000 euro izango dituzte. Ekipo informatikoari dagokionez, pantaila bi eta ordenagailu bat erosiko dituzte.
Urkaregi errekak Erbera kalean eragiten duen
uholde arriskua saihesteko asmoz Etxebarriko Udalak eta Uraren Euskal Agentziak martxan jarritako proiektuaren bigarren faseari ekingo diote aurten. Proiektu horren baitan sartzen zen bai eta ere, Belaots ingurutik zubi bat egitea, baina, herriko alderdi biak adostasunera iritsi dira eta zubia beranduago egitea erabaki dute. Bigarren fase guztiaren kostua 126.000 eurokoa zen, baina zubia atzeratu ostean 86.000 euro gutxiago izango dira aurtengo aurrekontura bideratuko dituztenak. Bigarren fasean, beraz, erreka ingurumen aldetik leheneratuko dute.
Uholdeak ekiditeko lanak egiten dabiltza etxebarrian.
Proba modura, egitasmo berri bat ere jarriko dute martxan.
Erretiratuen elkartea suspertu nahi dute, eta horretarako dinamizatzaile bat hartuko dute astean birritan herriko nagusiekin egon eta era guztietako ekintzak antolatzeko. Garraioa ere ahalbidetuko diete parte hartu nahi dutenei.
Bestalde, aldi baterako
langileak kontratatzeko diru sorta bat onartu dute eta sortu berria den herriko harremanak lantzeko taldeak beharko dituen laguntzak eta proposatuko dituen ekintzetarako kopuru bat gorde dute.
Herrigunetik kanpo dauden etxeei argiteri publikoa jarri nahi die udalak, baina, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzaren zain daude; proiektu horrek 78.000 euroko kostua dauka
Argiteria publikoa jarri eta udalbatzar aretoa ere konponduko dituzte aurten. Herrigunetik kanpo dauden etxeei argiteria publikoa jarri nahi die udalak, baina Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzaren zain daude. Izan ere, proiektu horrek 78.000 euroko kostua dauka, eta laguntza barik ezin izango dutela egin azaldu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak. Momentuz, 32.000 euroko partida zabaldu dute. “Proiektua bi fasetan burutuko litzateke. Galartza eta Altzako baserrietara eramango litzateke argia lehen fase batean, eta Aulesti eta Erberara ondoren”, argitu du alkateak. Guztira, 100 baserri ingurura eraman nahi dute argiteria publikoa.
Udalbatzar aretoa ere
berritu nahi dute. Batzarrak egiteko ez dela batere egokia diote alderdi biek, baina gastu aldaketak aurrerago ere egin litezkeela uste du EH Bilduk. Alkatea eta zinegotziak jartzeko moduko mahai bat jarri eta aretoa egokituko dute. Eraldaketak 27.248 euroko aurrekontua izango du.