Leagi auzoan kokatuta egongo da udarako prest egotea aurreikusten duten abentura parkea; hain justu, dorrearen ondoan. Sopuertan dagoen parkearen antzerakoa izango dela azaldu du herriko alkate Jesus Anakabek. Umeek zein nagusiek gozatu ahalko dute parke horretaz; izan ere, zailtasunaren arabera sailkatutako bost mailatako erronkak bilduko ditu azpiegitura horrek: tirolinak, tibetar zubiak, jokuak, arbola bitarteko ibilbideak…
500.000 euroko aurrekontua du abentura parkea sortzeko proiektuak, eta, horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza du Mendexako Udalak.
Abentura parkeko ekintza bat. Argazkia: campusmoragete
Lehen fasea, bukatuta
Lehen fasea, dagoeneko, bukatu dute. Parkearen azpiegiturak egiten aritu dira denbora horretan: aparkalekua, aldagelak, komunak, ura eta argia jartzea… Orain, bigarren faseari ekiteko prest dago udala. Fase horretan, abentura parkerako beharrezko ekipamendua instalatuko dute. Hala ere, Jaurlaritzaren erantzunaren zain da oraindik Mendexa; izan ere, bigarren fase hori burutzeko laguntza eskatuta dauka Lea Artibaiko herri horrek.
Gerora, eta parkeak duen arrakasta ikusita, jan-edanerako txosna bat jartzeko ideian ere pentsatu dute; betiere, “eskabideen arabera”.
Bigarren faseagaz batera, gainera, parkeko kudeaketa lehiaketara aterako duela aurreratu du udalak.
Udalaren asmoa udarako zabaltzea bada ere, Jaurlaritzaren erantzunaren araberakoa izango da irekiera data. Lehenengo urtea, hala ere, “parkea ezagutzera emateko” aprobetxatuko dute. Behin zabalik, urtean zortzi bat hilabetez eman nahi dute zerbitzua, eta neguan, mantenu-lanak egingo omen dituzte.
Denbora tarte horretan, inguruko edota urrunagoko herritarren aukera izatea ez ezik, eskoletako ikasleen irteeretako bat ere izatea bilatuko du abentura parkeak.
Duela zenbait urte, Turismoko Plan Estrategikoa landu zuen Mendexako Udalak, eta orduan, herriko turismo aktiboa sustatzeko asmoz, abentura parke bat egiteko beharrizana ikusi zuten, beste hainbaten artean. Herrian aukerak ematea da, batetik, udalak bilatzen duena, eta, bestetik, jendea herrira erakartzea.
Karraspioko lanak, aurrera
Helburu horri lotuta, Karraspio hondartzako eraikinaren egokitzapen lanak ere aurrera doaz. Izan ere, itsasoa eta mendia dira herriaren nortasun handienak, eta horiez baliatuta jarri nahi ditu udalak eskaintzen dituen aukerak herritarren eskura. Eraikina bera aldundiarena bada ere, haren erabilpena udalaren esku dago.
Azaroan hasi zituen lanak aldundiak, eta Aste Santurako komunak prest eduki beharko ditu. Eskola Surfak ere eraikinean izango du aurrerantzean tokia, dutxekin eta ur beroarekin; alegia, “baldintza onekin”. Eta Surf Club batentzako lokala ere bertan egongo da. Azken bi horiek udalarako prest izatea aurreikusten dute.